Baina era berean, Bilboko Konpartsen Federakundeak indarrez ekin zion egoera baretzeari eta jai herrikoien bandera inoiz baino goren astintzeari. Iñaki Uriarte zendu izanak, bihar beteko da hile bat, ez dirudi jai eredu parte hartzaileari agur esateko moduko jarreran kokatu dituenik konpartsak. Askoren iritzia da gainera, delako krisialdia urtean zehar baino ez dela ematen; Aste Nagusia heldu bezain pronto, kalean bizi den giroak krisi ororen susmorik desagerrarazten du.
Bestelako egoera da Donostian, Gesteizen edo Iruñean bizi dena; izan ere, hauetan ez dago behar beste aukerarik jai herrikoien alde egiteko. Bilboko kasuan herriak berak irabazi ei zuen jaiak antolatzeko eskubidea, hasierako Aste Nagusia herritarrek sustatua izan zelako. Egungo alkatetza, Iñaki Azkuna jeltzalearena, ez dirudi ordea partaidetza bultzatzeko moduko udal taldea baina nola edo hala, mantentzen da Jai Batzorde parekidea, non konpartsetako kideek politikariekin batera aritzen dira jaien antolakuntzan.
Donostiako Aste Nagusian badira herri ekimenak abiatutako jarduerak, baina ez dira Bizkaiko hiriburuan gertatzen den moduan, jaiaren erdigunea. Gasteizen aurten txosnek ez dute inolako laguntzarik izan eta gainera, unibertsitate gunean kokatu beharra izan dute. Iruñean aldiz, peñen protagonismoa ez da nolanahikoa baino Barcina alkatearen gobernuaren asmoa txosnak eta mugimendu herritarra hirigunetik gero eta gehiago urruntzea den heinean, San Ferminak komertzialtasun hutsaren menpean geldituz doaz.
Argi dago politikarien eskutik aldentzen den jarduera orok mesfiantza sortzen duela eurengan. Herri askotan enpresa pribatuen esku ari dira jartzen jaien antolakuntza, gazteriarekin (parrandak antolatzeko egokienak logikaren ikuspuntutik) inolako harremanik izan nahi gabe. Iñaki Uriartek aipatzen zuen arazo larria dela erakundeek bere etorkizunean, gazterian alegia, inolako konfiantzarik ez izatea; egia mingarri bezain borobila.