Thalweg musika taldearen erritmo zelta eta magrebtarrak izango dira ikusgai bihar Getxo Folk Jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 1a, 22:28

Thalweg musika talde bretoi-aljeriarraren erritmo zelta eta magrebtarrak izango dira ikusgai bihar Getxo Folk Jaialdian, antolatzaileek gaur adierazi dutenez. Thalweg taldearen kontzertua 21:30ean izango da, Areetako Geltokiko plazan, hain zuzen ere. Era berean, Kukuma talde euskaldunak ere emanaldia eskainiko du, Santa Eugenia kaleko karpan, 19:00etan hasita. Ondoren, 23:15ak aldera, Zoobazar talde madrildarraren emanaldia izango da ikusgai leku horretan bertan.

Thalweg doinu magrebtarrak eta erritmo zeltak uztartzen duen taldea da. "Bretainiako dultzainak, karkaba magrebtarrak, gitarrak, bateria eta baxuak mendebaldeko eta Mediterraneoko erritmoak eskaintzeko elkartu dira", jaialdiaren arduradunek adierazi dutenez.

Kukuma "iritsi" bezala itzul daiteke Angolako lingala hizkuntzan. Izen egokia benetan honako taldearentzat, bere musika bete-betean, "zuzen bezain natural iristen delako". Bere lehen diskan, "erritmoen berotasun erakargarrian kulunkan, irrikaz eta maiteminez jositako sare melodikoak agertzen dira". Biharko emanaldian trikitrixa eta txalapartaz gain, whistleak, mandolinak, bouzoukiak, djembeak eta darboukak izango dira ikusgai.

Zoobazar talde madrildarrari dagokionez, mendebaldeko erritmoak, flamenkoa, espainiar folklorea eta rocka uztartzen dituen musika taldea dela adierazi dute jaialdiaren antolatzaileek.

Jaialdian zehar bestelako ekitaldiak ere egingo dituztela iragarri dute, hala nola, Munduko Terraza, Munduko Medikuek antolatuta, Santa Eugenia kaleko karpan ikusgai egongo da. 18:30etan zabaldu eta eguneko azken kontzertua bukatzean itxiko dute. Era berean, Areetako Geltoki Plazatik hurbil izango diren artisautza saltokietako objektuak erosteko aukera izango dute bertara joandakoek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun