Eztabaida hau aski ezaguna da gazte guztion artean, batik bat Getxo udalerrian ibiltzen garenon artean, udaletxe getxoztarra beti izan baita traba gehien jarri dituena. Gazteok ez dugu guretzako leku zehatzik; parkeetan auzokoen protestak jasotzen ditugu, lonjak garestiegiak dira
alternatiba bakarra beraz, okupazioa.
Uda hontan okupazio mugimenduaren indarra nabaritu egin da, hainbat herritan gaztetxeen defentsa tinkoa izan delako; Bilbon, Algortan, Erromon, Beasainen
baina zalantzarik gabe eragin handiena izan duena Iruñeko gaztetxea izan da. Euskal Jairen hustea ondorioz errepresio poliziala zein neurritakoa den ikusi ahal izan dugu, baina tamalez gazteekiko indarkeria poliziala ez da soilik hiriburu nafarran suertatzen. Polizia erakundearen kolorea berdina da gaztetxe bat botatzeko orduan, errepresioaren kolorea berdina izaten baita kasu guztietan.
Udal gobernuan dagoen alderdiaren izena ez du inporta, Iruñan UPNk eta Getxon EAJk neurri errepresibo berdinak erabiltzen baitituzte. Onartu beharra dago Iruñan gertatutakoa (hainbat egunetan zehar bortizkeri ekintzak etengabe) ez dela Getxon gertatu, baina Iruñan gaztetxeak izandako sostengua oraindik ez da izan Getxon. Askok gaztetxe iruindarraren aldeko ekimenetan bai (UPN gaizkile bakarra izango balitz bezala) baina, gure herrian bertan ditugun arazoen aurrean mutu.
Argi utzi beharra dago gaztetxeak hainbat gazteren irtenbide bakarra direla: tailerretan parte hartzeko (eskulanak, txalaparta, oihalgintza, kitarra... ), ideologia askotariko jendea ezagutzeko (abertzaleak, anarkistak, komunistak, animalistak, feministak
) ta nola ez, ondo pasatzeko (mendira ibilaldiak, kontzertuak, kale antzerkiak..). Ekintza hauek dira udaletxeak debekatu nahi dituenak. Zergatik izango da? Gaztetxeetan ere, konplexurik gabe, guztion iritzia kontuan hartzen delako eta boteretsuen aurrean, mundu aske batean sinisten delako, agian.