Gero eta arinago - Nekane Ardanza / Getxo Irratiko kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 6a, 23:55
Ia konturatu gabe udaldia amaitzear dago. Ez dakit zuk, irakurle, baina ni oso denbora gutxitan –azken hilabetetan, hain zuzen- gauza asko, gehiegi, gertatu direlakoan nago. Ez bakarrik nire inguru hurbilenean, baizik eta mundu zabalean ere.
Hedabideek gero eta informazio gehiago dakarkigute eta ez dakit prest gauden, edo ohitu garen, ikusten eta entzuten dugun guztia irensteko (eta hori komunikabideetako profesionala izanik).

Telebistako albistegiek egunero bonbardeatzen gaituzte atentatu, gerra, sarraski… eta hainbat eta hainbat ezbeharrekin, gehienetan bazkaltzeko edo afaltzeko orduan. Eta gure ondoan, irudi eta egoera larri horiek guztiak ikusten eta entzuten, gure seme-alabak.

Udako hilabete hauetan Irakeko gerra ondorio beldurgarriak izan ditugu egunero aipagai mahai gainean; Ekialde Hurbileko gatazka, emakumezkoen kontrako indarkeria, hondamendiak, uholdeak, goseteak, trafiko istripu izugarriak… hogeita hamar minututan otu litzaizkizukeen albisterik desatsegin eta tristeenak irudietan entsalada edo haragi-xerra bazkaltzen genuen bitartean. Hori guztia albistegietan. Eta gainontzeko telebistako saioetan, zer da uda honetan ikusi ez duguna?

Gizarteko pertsonaien ustelkeria eta ahulezia inoiz baino gehiago azaldu da. Gezurrak, droga, sexua… edozerk balio du telebistako saio batean edo aldizkari azalean agertzeko. Eta gero ospetsu horiek euren pribatutasunarentzat errespetua eskatzen dute.

Niri bost axola haien pribatutasuna! Niri kezkatzen nauena da zer nolako gizarte eredua ikusten eta ikasten ari diren gure ondorengoak.

Telebistako saio askok pelotazo kulturaren apologia bultzatzen dute. Asko dira dilista plater baten truk bere amari saltzeko gai direnak (eta hori argi ikusi da aspaldi honetan).

Ez dezagun utzi gure seme-alabek pentsa dezaten nahikoa dela bizitza honetan urlia, sandia edo berendiari hurbiltzea ospea, dirua edo gizarteko esker ona lortzeko.

Norbanakoaren lana, zintzotasuna eta egia izan dadila haien iparra. Arinegi lortzen diren gauzek ez dute bizitza luzerik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun