Epaitegiek ere kurtso politikoa hasi - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 6a, 23:56
Holantxe egin du behintzat Espainiako aparteko audientzia berezi horrek, Udalbiltzako 11 kide irailaren 1ean eta 2an bertan deklaratzen egon direlarik. Epaile ezagunak kurtso politikoaren hasiera hasierarako programatu zituen zitazioak, 11 lagun hauentzat abuztuan gehiegizko patxadarako tarterik izan ez zedin akaso, eta zorionez libre zeuden bederatziak libre bueltatu dira etxera.
Ez ohiko edo aparteko epaitegi gisa, Espainiako Audientzia Nazionalean epaitzen diren guztiak epaiketa politikoak dira, baina 98an Eginen aurkako operazioarekin hasitako bidean euskal nazio eraikuntzarako ekimen zibil hutsak direnak gogorki zigortuak izaten ari dira. Orain arte sententziarik gabeko zigor gogorrak ekimen garrantzitsu batzuen kontra, pertsona zehatz askoren kontra eta oro har euskal herritar gisa libre bizi nahi duen ororen kontra. Zuzenean edo zeharka, baina denok gara jazarpen politiko-judizial honen helburu.

Udalbiltzaren aurkako iazko hatzaparkada udal hauteskundeen ondorengo une garrantzitsuan etorri zen. Legez kanporatutako hainbat herri plataformako hautetsiak, euren udaletan formalki legal diren beste askorekin bat egin zuten Udalbiltzak Tolosan izan zuen Batzar Orokorrean. Aurreko urteetako ekimenek, naziotasun aitormena, garapenerako fondoa, eskubideen karta, eta igaro berri dugun kurtso politikoari begira diseinatu eta bultzatu nahi zen Nazio Eztabaida Guneak osatzen zuten lan programa mardula. Oztopo eta erronka berriei aurre egiteko ilusioz beteriko giroa zapuztu zuten une batez atxiloketak, egoitza ixteak eta diru-kontuen blokatzeak agindu zituztenek.

Urtebete geroago Udalbiltzak aurrera egitea lortu duela ikusi dute. Baliabideak eta ekimenen kopurua murriztu egin dira, baina egindako lanaren fruituak ere hor daude: Naziotasun Aitormenak batetik aurrerapen garrantzitsua izan du azken urtean zehar eta are garrantzitsuagoa dena, Nazio Eztabaida Guneak parte hartze anitz eta zabalarekin egin du bere bidea. Udalbiltza Udalbiltza gisa publikoki gero eta gehiago agertzen ari zen unean egin dituzte epaitegirako zitazioak. Badirudi gogorarazi nahi izan diotela Udalbiltzari Joseba Garmendia, Miriam Campos, Xabier Alegria eta Karmele Urbistondorentzat kartzeletako ateak itxita daudela oraindik, baina kalean dagoenarentzat errez irekitzen dituztela, haiek jarriko dizkiguten baldintzapean soilik gaudela herritarrak kalean.

Zeren eta ez Udalbiltzak ez Udalbiltzako kideek ez dute ezkutatzeko ezer. Alderantziz, Maribi Ugarteburuk zioen bezala, “Orain arte egin dugun lana erabat publiko eta zilegi izan da, eta lan horretan jarraituko dugu. Bada garaia gure lan politikoa lasai egiten uzteko.

Eta horixe da galdera, utziko al digute lan politikoa lasai egiten? Argi dago ezetz, zehazki nola ez dakigun arren, ahalik eta gehien trabatuko dutela, baina horixe da hain zuzen ere nazio eraikuntzaren alde esparru desberdin askotan lanean ari garen pertsona eta erakundeen erronka, oztopoak gaindituz gure lan politiko eta soziala aurrera eramatea eta zeregin horretan gizartearen ahalik eta sektore zabalenak martxan jarri.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun