Itsasoaren kutsuz beteriko abestiak egongo dira entzungai Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 9a, 22:00

Getxo udalerrian ospatzen diren musika emanaldiei bukaera emateko, Habanera eta Itsas-Abesti XVIII. Jaialdiaz gozatzeko aukera egongo da, irailaren 10, 11 eta 12an. Oraingo honetan, Areetako Xake plazako karpapean izango dira kontzertuak, 20:00etan aurrera, sarrera dohainik. Besteak beste, Gipuzkoa, Katalunia eta Kantabriako haizeak ekarriko dituzte talde ezberdinek.

Lehengo egunean, Donostiako Aita Garayoa Abesbatzak emango dio hasiera jaialdiari bere itsas-abestien errepertorio zabalaren eskutik. Biharamunean, Kataluniako taldeak izango ditugu protagonista: Duet "La Taverna", itsas-abestiaren jatorriak berreskuratzeari ekiten diona, eta jarraian Grup Boira, habanera eta itsas-abestiak osatutako eskaintza anitza eskainiz. Azkeneko egunean, Laredoko Salvé Abesbatza izango da aurtengo edizioari amaiera emateko arduraduna. Honetaz gain, karpa atzealdean, "Getxo eta itsasoa" argazki erakusketa egongo da ikusgai. Bertan, udalerria eta itsasoarekin loturiko garai ezberdinetako argazkiak izango dira ikusgai; baita itsasuntzi hondoratzeenak ere.

Atzoko aurkezpenean Iñaki Zarraoa alkateak adierazi zuenez, behin blues, jazz, dantza folklorikoak eta folka atzean utzita; udalerrian ospatzen diren musika jaialdien zikloari bukaera emateko "modurik hoberena" da asteburu honetakoa. Ildo horretatik, urtean zehar Getxoko Kultur Etxeak ematen duen "musika eskaintza anitza" goraipatu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun