Antzezkizunak hiru atal izango ditu. Lehenengoa, "Zirga itsasadarrean" izenburua daukana, 19:30ean hasiko da Txurruka kaian eta bertan honako gai hauek ikusi ahal izango dira: zirgarien kontratua, itsasuntziaren zirga, ibiltarien lehorreratzea, ongi etorria eta 1879ko martxoaren 14ean izan zen Mari zirgariaren erorketa historikoa (istripu hori garaiko egunkarietan agertu zen).
Lehen atal hau bukatutakoan, parte hartzaileek kalejira egingo dute Bizkaiko Zubian hasita, Kale Nagusitik Xake plazaraino. Bertan "Mina" eta "Kapatazaren eskaria" koreografiak antzeztuko dituzte.
Leku berean, beste bi koreografia ikusi ahal izango dira 20:30etik aurrera. "Laguntasuna" (Marirekin elkartasuna beste zirgarien eskutik) eta "Mariren tristura". Ekitaldia kapatazarekin akordio bat adosten dutenean amaituko da. Gidoia Arantza Iurre Getxoko Antzerkiko Eskolako zuzendariak egin du.
Garaiko balio handiko jantziak
XVIII eta XIX mendeetako jantziak egiteko burututako ahalegin handia azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Hauek egiteko, Bilboko Museo Etnografikoan gaur egun ikus daitekeen Baionako paperezko jantzien erakusketa hartu dute oinarri. Antzezkizunean gizonezko sei jantzi eta emakumezkoen beste horrenbeste agertuko dira. Horiek guztiak balio handikoak dira joskintzari eta jantzigintzari dagokionez.
Beste berritasun bat aurten Erromoko Otxoteak egindako eta kantatuko duen abestia izango da. "Zortziko" estilokoa da eta horrekin Berantzagi taldeko kideek dantza egingo dute. Ondarreta Abesbatzak ere abesti berri bat prestatu du ikuskizunerako.