Helburuak hiru izango dira. Lehenengoa udalerrian antolatzen diren kirol ekitaldien diagnostiko soziolinguistikoa egitea da, hau da, kirol ekitaldi baten alorretan izaten den euskarareen erabilpena zehaztea. Esate baterako, kirolarien arteko harremanetan, entrenatzaileekikoetan, megafonian eta ekitaldiak iragartzeko paperetan. Bigarrena kirol ekitaldietan euskara bultzatzeko plangintza egitea izango da eta hirugarrena kirol elkarteei Udalak eskein diezaizkien laguntza moten proposamenak egitea.
Ikerketak Udalak antolatutako kirol ekitaldiak ez ezik Getxon eta Fadurako Kiroldegian dauden 55 elkartek antolatzen dituztenak ere hartuko ditu kontutan. Baita herritik kanpoko beste elkarte batzuek Getxon antolatzen dituzten ekitaldiak ere.
Beste alde batetik, azterketak honako hamar fase hauek izango ditu: eremua zehaztea, zeharkako informazio iturrien ustiapena (Eusko Jaurlaritzarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta beste esperientzia batzuena... ), egin beharreko lana zehaztea, lehen proiektuaren barne aurkezpena (Euskara Sailari, Fadurari, Kirol Sailari...), alorraren hizkuntz-diagnostikoa, kirol taldeekin proposamenak, helburuak eta hitzarmenak adostea, hitzarmenen jendearen aurretiko ekitaldia, emaitzak herritarrei ezagutzera ematea, jarraitzeko egitura prestatzea eta urtebeteko lanaren ebaluaketa.