Auzotarren artean oso ezagunak ziren zendutako bi sopeloztarren omenez, sukalki lehiaketa antolatu dute, lehendabiziko aldiz, asteburu honetan udalerrian ospatuko den Euskal Jaiaren barruan. Euskadiko XXIII Marmitako Txapelketako irabazlea izandako Fermin Ortiz Sopelako Moskortik Txokoko kidea zen. "Eusebito" goitizenez ezaguna zen Eusebio Rourak, berriz, herriko festak alaitu ohi zituen panderoa joaz. "Fermin eta Eusebio" Sukalki Txapelketa igandean izango da, udaletxe inguruan, 10:00etatik aurrera.
Beste alde batetik, taldeko bi kideei musika-tresnak erosi ahal izateko, txozna jarriko du larunbat eta igandean Uribe Basterra Musika Bandak, Sopelako Euskal Jaian. Begoña Hervás zuzendariak adierazi duenez, kotxe barrutik lapurtu zizkieten uztailean "lanabesak". Hori dela eta, "taldeari elkartasuna adieraztea" eskatzen die sopeloztar guztiei.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.