Droga psikoaktiboen hartzaileei zigorrik ez jartzea nahi du Erandioko IU-EBk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 10a, 22:01

Erakundearen izenean elizkizunetan parte har ez dezatela ere eskatu diete udal ordezkariei

Adinez nagusiak badira, droga psikoaktiboak hartzen dituztenei zein kalamua euren kontsumorako hazten dutenei zigorrik ez jartzeko konpromisoa hartzea eskatu dio Erandioko Udalari Natalia Rodriguez Ezker Batua-Berdeak taldeko bozeramaleak. Halaber, substantzia horien kontsumoan herritarren askatasuna mugatzen duten legeak aldatu edo ezereztu ditzaten, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Diputatuen Kongresuari premiazko eskea egitea iradoki dio udal gobernuari, gaur aurkeztutako mozioan.

Rodriguezen ustez, "isun eta kartzel zigorrekin kolpatuz" ez dira drogak desagertuko. Hori dela eta, alor horretan puntako diren herrialdeetan gertatzen den bezala, "kontsumo arduratsuaren aurrean norbanakoaren aukerak errespetatzearen alde" egiten du Erandioko IU-EBk. "Zigorrak jartzeak norbanakoaren askatasuna urratzen du. Gainera, kontsumoak eragindako kalteei aurre egiteko, neurri egokiagoak badaude", gaineratu du alderdiko bozeramaleak.

Horien artean, drogazaleen gizarteratze eta osasun arazoak saihesteko EAEn egiten diren saioak gogora ekarri ditu Rodriguezek: eguneko, gaueko eta kontsumo higienikorako zentroak; substantziei buruzko zein horiek hartzeak dakartzan kalteen gaineko sentsibilizazio eta informazio kanpainen garapena; eta abar.

Elizkizunak

Aurkeztutako beste mozio batean, erakundearen izenean "inolako erlijio-ekitaldian" parte har ez dezatela eskatu die Erandioko udal ordezkariei IU-EBko bozeramaleak, "erlijio-sineskerak norbanakoaren intimitateari eta gizarte laikoari dagozkielako". Baita Bizkaiko Foru Aldundiari gauza bera egin dezala iradokitzea ere. Rodriguezek aipatu duenez, "ezin zaio inolako sineskerari kutsu ofizialik eman, beste guztiak baztertuz. Batez ere erlijioari dagokionez pluralak diren herrialde eta gizarteetan, zeinetan horiek guztiek bakean eta askatasunean elkarbizi behar duten". Hori dela eta, gai honetan, erakunde demokratikoek "neutraltasun osoz" jokatu behar dutela eta jarduera instituzionalean erlijioa "ikustezina" izan behar dela uste du berak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun