Txipio Bai elkarte naturalistarekin bat dator Auzitegi Gorena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 10a, 22:05

Txipioko paduran eraikitzeko debekua berretsi du, orain dela gutxi Espainiako Auzitegi Gorenak plazaratutako sententziak. Epaiaren ondorioz, bertan 700 etxebizitza inguru eta 600 ontzientzako kirol portua jartzeko egitasmoa ezin izango dute gauzatu Barrikako Udalak eta Marina de Txipio SA enpresak. Plentziako Udalari ere eraikitzeko debekua ezartzen dio. Beraz, 1995etik erakunde horien aurka epaitegietan lehian ibili den Txipio Bai elkarte naturalistari arrazoia ematen dio sententziak.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak egindako txostenetan oinarritu da, erabakia hartzeko, Espainiako Auzitegi Gorenak. Gazteiztik adierazten dutenez, "bertan aurki daitezken padura-landareez gain; geologia, geomorfologia, hidrologia, eta hidrokimika arrazoiak ere" badaude Txipio babesgune naturala izendatzeko.

Horretaz gain, prozesu judizialengatik sortutako gastuak ordaintzera zigortu ditu Barrikako Udala eta Marina de Txipio SA enpresa. Halaber, Txipio Baik adierazi duenez, "bide batez, paduran eta Karrarraldo taldearen errugbi zelaian eraikitzeko baimena emateko, Plentziako Udalaren asmoa ere bertan behera gelditu da". Elkarte naturistako kideek nabarmendu nahi izan dutenez, eurek beti defendatu dutena baino ez du berretsi "behin betiko" Auzitegi Gorenak.

1995eko auzia

Orain hamar bat urte hasitako auzia da oraingoan argia ikusi duena. 1995eko abenduan, 30 hektarea baino gehiagoko eremu horren mugaketa egin eta domeinu publikoko ondaretzat jo zuen, Butroi erreka bazterreko 100 metroko zabalerako lur zatia Espainiako Ingurumen Ministerioak. Goragoko erakunde batek kontrakoa erabaki ezean, bertan eraikitzeko debekua ezartzen zuen epaiak, eremua babesgune naturaltzat hartzen zuelako. 2002an erabakia berretsi zuen Espainiako Auzitegiak. Hala ere, errekurtsoa aurkeztu zuten Barrikako Udalak eta Marina de Txipio SAk. Oraingoan, orain dela bi urteko epaia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun