Arkaitz Goikoetxea presoaren senideek taxian egin behar izan zuten azken bisita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 11a, 19:15

Joan zen larunbatean, irailaren 4an, Navalcarneroko espetxera bisita egitera zihoazela, autoa matxuratu zitzaien Arrigorriagako peajea pasatu ondoren Arkaitz Goikoetxea Algortako euskal preso politikoeren senideei. Bertara iristeko taxi bat hartu (405 euro) eta bisita egin ahal izan zuten. Bueltatzeko, aldiz, beste preso baten familiakoekin joan ziren Madrilera, gero handik Burgosera autobusean eta azkenik etxetik bila joan behar izan zitzaizkien bertaraino, beste loturarik egin ezin zutelako.

Arkaitz Goikoetxea Navalcarneron dago, Getxotik 500 kilometro ingurura. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideen hitzetan, "istripurik izan ez dutenez, zorte ona izan dutela esango dugu beharbada, edo beste batzuei gertatutakoaren aldean hori ez dela horrenbesterako, baina astea joan astea etorri holako gorabeherak bizi behar izaten dituzte presoen familiarrek". Sakabanaketa politikaren ondorioz euskal preso politikoek orokorrean bizi behar dutena eta horrek guztiak dakarren "kostu ekonomikoa, afektiboa eta abar" salatu dute.

Oihu@ buletina

Pasa den astetik, Uribe Kosta osoko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren agerkaria da oihu@ . Horrela agertuko da goiburuan eta azken puntuan, eta eskualdeko herri guztietako preso politikoen zerrenda eta helbideak aurkitu ahal izango dira bertan.

Gainera, buletinaren bidez, euskal preso politiko guztien destinoa jakin ahal izango da hemendik aurrera, goiburuen ondoren agertzen diren loturetako helbideetan: http://oihua.webgune.net/zerrendak/Presoak_EE.html (Espainiako Estatuko presoak) eta http://oihua.webgune.net/zerrendak/Presoak_EF_Mun.html (Frantziako eta beste estatuetako presoak). Zerrenda hauek astero edo hamabostero eguneratuko dira. Bertara jotzeko nahikoa da lotura sakatzea. Bestela ere, presoren baten destinoa jakin nahi izatekotan, nabigatzailean, bilatzeko tresna erabiliz, bere izen edo abizena jarri eta bilatzeko emanda berehala aurkitu daiteke.

oihu@ ren harpidetza egiteko edota eurekin harremanetan jartzeko: oihua@barrutik.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun