Aldaketa sakonak datoz mundura - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 13a, 14:22

“Terrorismo” hitza erabiltzen duenak politika pentsatzea eragoztea du helburu. Areago, terrorismo internazionalaz mintzatzen denean. Azken termino honek egoera zehatzak, tokian tokiko gatazkak eta bertan inplikatuta dauden subjektu politikoak enoratu eta abstrakzio maila jasotzen du. Kokatu eta definitu ezin daitekeen fantasma baten inbokazioa dirudi. Horren arabera, gatazkek ez dute inolako kausarik, ezinda horietaz pentsatu ez eta soluziorik bilatu ere ez. Kontzeptu horrek gaur egungo antagonismo politikoa deskalifikatu eta desitxuratu nahi du, bere garaian “komunismo” hitzaren erabilera gehiegizkoarekin egin nahi izan zen bezalaxe.

Kontua da gaur egungo “terrorismoaren eta bere inguruen” kontra borrokatzeko darabiltzaten metodo eta prozedurak komunismoaren eta klase-borrokaren paradigmaren garaikoak direla. Orduko hartan, Estatu sozialistak zeuden, erakunde iraultzaileek gizartea eraldatzeko klasearen ikuspuntutik eraikitako programa amaituak aurkezten zituzten, alde ekonomikoak eta sozialak azpimarratuz, noski. Talde horiek arreta handia jartzen zuten beraien jarduera edo ekintzetan inplikatuta ez zegoen inor ez kaltetzeko. Borroka militarra erantzule zuzenen kontra bideratu behar zen: militarrak, poliziak, agintariak… Garai hartan gatazkak erraz koka zitezkeen: talde matxinoek estatuen kontra, edo estatuak estatuen aurka, jarraibide ezagun batzuk segitzen ziren: matxinada, iraultza, boterea hartzea, gobernu iraultzaileak, eta abar, hots, antagonismoa ikusi egiten zen. Gaur eredu klasikotzat jo dezakegu hori guztia.

Gaur egun gauzak aldatu egin dira. Hasteko, ez dago gizartea aldatzeko proiektu zehatzik eta amaiturik. Matxinatuen enuntziatuak askoz ere orokorragoak dira: askatasuna, independentzia, okupatzaileak kanpora, herrien borondateari errespetua… Bigarrenik, gatazkak ez dira toki zehatzetara mugatzen. Mundu osoa uki dezakete. Borrokalariek ez dute Estatuen laguntzarik, ez eta sare trinkorik, eta zuzentzen dituen buru ezagun eta aurkigarririk ere ez. Hirugarrenik, bide humanitarioa desagertu egin da. Kantek teorizatutako aldez aurretiko preskripzio morala ez du eraginik jada. Ez dira militarrak eta zibilak bereizten. Matxinoek darabiltzaten armak ez dira sofistikatuak baina bai izugarriak, subjektu inplikatuen bizitza eta konbikzio osoa inplikatzen dutelako.

Hori dela eta, alferrik da azken urteotako gertaerak parametro klasikoetatik baloratzea. Inperialismoaren bortizkeria gero eta handiagoak ekarri du haren kontrako erantzuna ere orokorra eta genozida izatea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun