Getxoko Udalak duela urte batzuk egin zuen bat irailaren 22an ospatzen den Autorik Gabeko Egunarekin. Urtetik urtera gero eta egun gehiagotan egin dira jarduerak, eta oraingo honetan, aurrenekoz, zazpi egunez luzatuko dira. Iñaki Zarraoa alkateak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, "nagusiki kontzientziazio kutsua duen ekimen honen bitartez eta jarduera ludikoekin bat eginez, nahikoa ez bada ere, ingurumenaren babesa sustatu eta ibilgailu pribatuaren gehiegizko erabileraren gainean ohartarazi nahi ditugu getxoztar guztiak".
Aurtengo berrikuntzak
Irailaren 18an, "Hiritarren Konpromisoaren Eguna" ospatuko da, eta ingurumenaren aldeko jarrera aktiboagoa izatea eskatuko zaie herritarrei, baita irailaren 19 eta 22an bezala, urteko gainontzeko egunetan ere autorik ez erabiltzea ere. Besteak beste, auto-gidariei informazio-orriak banatuko zaizkie, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean kotxea ez erabiltzeko konpromisoa eskatuz. Halaber, lanerako joan-etorriak egiteko, autoa partekatu nahi duten guztiek beste lagun batzuekin harremanetan jar daitezen, ekimen berria abian jarri dute honeko helbide elektronikoan: http://www.getxo.net/cas/medio/pags/sincoche/comparte.htm (Erderaz baino ez dago)
Irailaren 20a "Irisgarritasunaren Eguna" izango da eta gurpil-aulkiak eta itsu-makilak banatuko dituzte, herritarrek oztopo arkitektonikoek eta hirikoek sortzen dituzten mugikortasun-arazoen berri jaso dezaten.
Azkenik, irailaren 22an ez ezik, 19an ere hainbat kale moztuko dituzte Algorta eta Areeta erdigunean, goizeko zortzietatik gaueko zortzietara, "oinezkoak izan daitezen horien jabe". Eremu horietan aparkatzea eta ibilgailuak ibiltzea murriztuta egongo da. Hain zuzen ere, 10:00ak arte baino ezin izango da zamalanak egin eta kale horietan dauden garajeetatik autoak atera. Honi dagokionez, Fernando Burzako Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "udal agintariak jabetu gara honez gero neurri hauek guztiek hiritar zenbaitengan eragozpenak sor ditzaketela, baina jakin badakigu ere gero eta gutxiago direla hauekin bat ez datozen herritarrak, argi dagoelako neurri hauek behar beharrezkoak direla gure ingurumena babesteko". Garraio publikoaren (metroa eta autobusak) erabilera ere bultzatu nahi dute egun hauetan.