San Inazio jaietan, ederto!!! - Josu Landeta / irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 14a, 23:40

Nigandik Paraje daukadan lagun batek esan eustan, orain arte Ukberrin idatzi dodazan artikulu guztiak inori kritika egitekoak izan dirala. Alde batetik arrazoirik ez dau falta, baina beste aldetik gure herrian dagoana ikusita honelako eritzi artikuluak gauzak eta sentimenduak azaltzeko modu ona dala uste dot, eta hauxe da nik daukadan territorio libreetako bat. Oraingoan, ostera, ez natortzue kritika bat egiten, gugandik paraje dagoan herriko talde bateri eskerrak emoten baino: San Inazio jai batzordea. Batzorde horretan zagozaneri eskerrak emongo deutsuedaz, bai, zuek eta zuekaz batera jaiak antolatzen parte hartu dozuenen pozerako, eta zoritxarrez oso urrun ez doguzan beste batzuen lotsarako (hasi gara,ba, kritika egiten).

Eskerrak emoten deutsuedaz, Algortan hainbat urtetan jaiak antolatzen egon zareelako (bost edo sei,oker ez banago), traba askoren gainetik eta zuen beharra modu desinteresatuan herriko jendearen zerbitzura jarririk.

Eskerrak emoten deutsuedaz, urte honeetan jai euskaldunak antolatzen ibili zareelako. Algorta lako herri erdaldun batean nahikoa gatxa da hori; halanda bere, herrian euskerari eta euskal kulturari bultzada ona emon deutsazue eta horra hor adibide moduan jaietan antolatutako ekitaldiak (bertsolariak, euskal dantzak, euskal rock kontzertuak, txoznan euskal musika...).

Eskerrak emoten deutsuedaz jaietan bultzatzen dozuen eredu parte hartzaileagaitik. Jai batzordea herriari zabalik egoten da, eta horrez gainera Algortako hainbat koadrilak eta kultur arloan dabiltzan hainbat taldek eta lagun anonimok zuekaz batera ikusten doguz beharrean eta ekitaldietan parte hartzen. Hori dogu gizarteak beharko leukeen autogestino ereduaren adibide argia.

Eskerrak emoten deutsuedaz, herrian bizi diran zomorro, mamu eta pizti askoren borondate inposatzaileari aurre egin deutsazuelako. Pizti horreek ahor ibilten jakuz, jai batzordean parte hartu barik euren indarra ezarri gurean, herriari jaietan hau edo beste galazo behar dala lau haizeetara botatzen dabela. Horren aurrean zeuen gestino demokratikoa (demokrazia, berba polita mamutzarren ahoetan) pizti horreen indarra baino sendoagoa dala erakutsi dozue.

Beste urte bat joan jaku eta aurtengo jaiak pasatu egin dira. Balantze arin bat egitekotan herria pozik lotu dala esango neuke. Eskerrak emoteko beste hainbat arrazoi bere egon leike, baina lar luzatu barik honako hau esanez amaitu gura dot: Eskerrik asko egindako behar guztiagaitik, eta ia inguruko herrietako jai batzorde askok zeuen bidetik segitzen daben. Animo, eta jaietan bere euskeraz bizitzen eta jolasten segitu daigun.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun