"Auzotarrek alderdi politikoekin harremanetan egon daitezen", Udalaren webgunean (
http://www.getxo.net) lotura edo linea zuzena jartzea eskatu du Getxoko PPk. Ildo horretan, adibidetzat jarri dute jadanik aukera hori eskaintzen duen Sopelako Udalaren webgunea (
http://www.sopelana.com). Horretaz gain, Getxokoan, talde politikoek aurkeztutako azken mozioak eta eskaerak eta bakoitzaren webgune ofizialerako lotura jartzea ere nahi dute. Eduardo Andrade popularren zinegotziak atzo adierazi zuenez, gobernu batzordeak onartzen ez badu, udalbatzan aurkeztuko dute eskaera, "alderdi politikoak webgunean agertzea ukatzeko arrazoi zein den azal diezaien herritar guztiei". Marisa Arrue Getxoko popularren bozeramalearen esanetan, "PPk getxoztarren %33aren babesa eduki arren, batzordeetan parte hartzeko aukera guztiak ukatzen ari zaizkigun une honetan, herritarrekin kontaktuan egoteko aukera bikaina da webgunearena".