Erdi Aroan murgilduko da asteburuan Algorta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 16a, 00:10

Irailaren 17tik 19ra, aspaldian ahastutako garaietara bueltatuko da, Basagoiti etorbidean barrena, Getxo Antzokiko plazatik Kasinora doan Algortako oinezkoen gunea. Hiru egunetan zehar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, Erdi Aroko ogibideak erakutsiko dituzten tailerrak eta saltokiak beteko dituzte kale-bazterrak. Zapata, jostailuak, oinetakoak zein larru, espartzu, argizari, zur, urre eta beste hainbat gairekin egindako produktuak erosi ez ezik, artisauak lekuan bertan lanean ikusteko aukera ere edukiko dute bertara hurbiltzen direnek. Gainera, herri sukaldaritzak ere bere lekua izango du, bisitariek sabela bete dezaten. Horrekin batera, orduko pertsonaia ugari ibiliko dira inguruan, aktoreek antzeztuta: bufoiak, malabaristak, koplariak, musikariak, magoak, kontalari itsua eta itsumutila, eskaleak, komedianteak, soldaduak, fakirrak... Hainbat antzezpen egingo dituzte horiek, orduko azoketan zegoen giroa eta eguneroko gertaerak erakutsiz. Finean, "jai giroan, iragana bizitzeko aukera ezin hobetzat" jotzen dute Getxoko III. Erdi Aroko Azoka Kultur Etxeko arduradunek.

Hirugarren edizio honetan, gai ezberdinak jorratzen dituzten eremuetan banatuta egongo da Getxoko Erdi Aroko Azoka. Horrela, azoka arabiarra hartuko du Getxo Antzokiko plazak. San Nikolasen, berriz, auzune sefardia egongo da kokatuta non artisau judutarren salmenta-postuak izango diren. Besteak beste, urregileak, koadernatzaileak, kopiagileak, uhalgileak, beiragileak, eltzegileak eta harginak ikusteko aukera edukiko dute bertara hurbildutakoek. Baita, sagarrak zuzenean galkatuz, sagardoa nola egiten duten ere. Gunerik zabalena alde kristauak hartuko du 70 bat salmenta-posturekin, Basagoiti etorbidean barrena, San Nikolasetik Kasinora doan gunea alegia.

Hala ere, ikusi ez ezik, parte hartzeko aukera ere edukiko du jendeak. Besteak beste, arku-tiroa egongo da San Nikolaseko arkupetan, handi zein txikientzako. Tangora plazan, berriz, poneyak egongo dira haurrak ibil daitezen. Eta azkenik, Kasinon, ogi labea egongo da ikusgai azokak iraun bitartean.

Kale animazioa

Getxoko Kultur Etxetik, Enrike Bosquek gaur adierazi duenez, "kalitatedun jarduera" eskaintzea izan dute helburu Erdi Aroko Azokaren hirugarren edizioa antolatzerako orduan. "Asko zaindu dugu bat edo beste ekarri, baita artisautza-postuak ikusgarriak izatea ere", azaldu du. Gaineratu duenez, "nahiz eta ekarritako artisau asko konpatarrak izan, euskal produktuak azokan egotea ere nahi izan dugu: ahuntz gazta, euskal pastela..."

Horretaz gain, horrelako azoka batean kale animazioak daukan garrantzia azpimarratu du Bosquek. Aurtengoan, hiru antzerki talde ibiliko dira orduko azoketan zegoen giroa (bufoiak, malabaristak, koplariak, musikariak, magoak, kontalari itsua eta itsumutila, eskaleak, komedianteak, soldaduak, fakirrak...) eta eguneroko gertaerak erakutsiz; igaz ere egon zen falkoneria ikuskizuna ahaztu gabe. Azoka antolatzeko erabilitako 70.000 eurotatik kale animazioan egin dute inbertsiorik handiena, kultur arduradunak adierazi duenez.

Garraio publikoa

Beste alde batetik, azokara joateko, ostiral eta larunbatean garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin du Iñaki Zarraoa alkateak. Izan ere, igandean ez da kotxeekin arazorik egongo, Mugikortasunaren Astearen Barruan Algortako erdialdeko hainbat errepide moztuko direlako. "Metro geltokia azokatik hurbil garatzen da", azaldu du berak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun