ELA Ertzaintzak deituta zegoen arren, ErNE eta SIPEko ordezkariak ere batu dira kontzentraziora. Atzokoa bezalako istripuak saihesteko neurriak hartu daitezela exijitzeaz batera, ertzainei lan-osasun arloan trebakuntza eman dakiela eskatu du Jose Maria Lazarguren lehenengo sindikatu horretako arduradunak, "orain arte horrelakorik ez dagoelako". Halaber, gaurko deialdiari buruz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik jasotako kritiken inguruan, "esaten dituenari izen ona galtzea baino ez dakarkio", bere hitzetan. Are gehiago, euren eskaerei kasu egin ala ez, ezkor agertu da Lazarguren, "batipat, Herrizaingo Sailaren eta sindikatuen artean dagoen harremana ikusita".
Elkarretaratzeari kritikak
Atzo kaleratutako prentsa oharraren bidez, "doilortzat" jo zuen Herrizaingo Sailak, bi polizia agenteei gertatutakoaren aurrean "errudunak bilatzeko asmoz", ELA-Ertzaintzak gaurko egindako deialdia. Javier Balzak zuzentzen duen departamentuak ez omen du ulertzen "nolatan aprobetxatu daitekeen horrelako gertaera lazgarria, eskarmentu nahikoa duten bi lankide trebatuta ez daudela aditzera emateko". Hori dela eta, "kontrola galtzen duen furgoneta baten aurrean zer nolako trebakuntza behar den" gizarteari azaltzea eskatu zion sindikatuari. Baita bi ertzainei eta euren senideei barkamena eskatzea ere.
Bitartean, 94 496 90 34 telefono zenbakia jarri du Ertzaintzak gertatutakoa argitzen lagundu dezaketen guztientzako.