Gauza batek eman dit atentzioa iragarki horretan. IHESaren aurkako txertoa aurkituko duena eta Martitz lehen aldiz zapalduko duena, biak ere, ikasten badabiltza, hiru gauza hauetako bat gertatzen da:
- Bietako bat askoz zaharragoa da bestea baino (zuek aukeratu zein), eta beraz, bata unibertsitateko azken urteak egiten ari den bitartean, bestea haur eskolan dago oraindik.
- Biak dira adin bertsukoak (hau logikoagoa da iragartzaileen ikuspegitik, unibertsitate-bekak erosiarazi nahi duen iragarkia nekez egoten delako haur eskolako umeen gurasoei zuzenduta), baina batak besteak baino askoz gazteago egingo du (zuek aukeratu zein) ospetsu bihurtuko duen hori. Batak 26 urterekin, demagun, eta besteak 67rekin.
- Biak dira adin bertsukoak, eta biek aldi bertsuan lortuko dute iragarkiak egozten dien arrakasta. Ez ditut iragarki-egileen asmoak ondo ezagutzen, noski, baina nire ustez hau da litekeena.
Nik nahiago nuke a) aukera. Esan gura dut, IHESaren aurkako txertoa ahalik eta azkarren aurkitzea nahi nukeela. Martitz estrainekoz zapaltzea baino askoz lehenago bai behintzat, ez dudalako uste hori urte askoan lortuko denik. Bietako bat: iragarkia egin dutenak baikorregi daude Martitzera ailegatzeko dauzkagun aukerez, edo ezkorregi IHESaren kontrako borrokari dagokionez.
Hala ere, eta mundu zoro hau zelan dagoen ikusita, ez nintzateke batere harrituko gizakiok Martitzen IHESa zabaltzea haren aurkako txertoa asmatzea baino lehenago lortuko bagenu. Unibertsitate-ikasketez ari garen honetan, zilegi bekit esatea karrera espaziala deritzon horretan indar eta ondasun gehiegitxo xahutzen dela, IHESak ez ezik beste gaitz askok jota dagoen mundu zahar honentzako sendagairik aurkitzeko erabiltzen direnen aldean.