Galdakaoko Eguzkibegi ikastolan atzo egindako ikasturte berriaren inaugurazioan eman zuen aipatu proiektu pilotuaren berri Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak. Gara egunkariak jasotako adierazpenetan, "kalitatearen ziurtagiri hauek euskal hezkuntza sistema Europako lehen tokian dagoela" erakusten dutela aipatu zuen Iztuetak. Hala eta guztiz ere, oraindik hobetzeko asko dagoela nabarmendu zuen sailburuak. Horiek hala, bai administrazioa, bai hezkuntza arloa kudeatzeko sistema propioaren aldeko apustua egin beharra dagoela esan zuen Iztuetak.
Kalitatezko Kudeaketarako Sistema
Kalitatezko Kudeaketarako Sistema deritzo 24 eskoletan martxan jarri den proiektu pilotuari, eta irakasteko eta ikasteko prozesuak estandarizatzea du helburu nagusi. Horretarako, hainbat irizpide komun finkatu dira, ikasleen ebaluazioan eta ikasgaien programazioan, kasu. Anjeles Iztuetak agertu zuenez, proiektu pilotu hau martxan jarri ahal izateko, beharrezkoa izan da ikastetxe bakoitzaren egoera aztertzea lehendabizi. Hortik abiatuta, irizpide komunak martxan jartzeko beharra ikusi da irakasteko eta ikasteko prozesuan.