Urriaren 1ean epaituko dute Madrilen Albaro Arri preso algortarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 17a, 23:54

"Torturak direla medio" beste preso batek sinatutako deklarazioan oinarritzen dira, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren esanetan.

Albaro Arri Pascual "Muni" euskal preso politikoa urriaren 1ean epaituko dute Madrilen. Epaiketa 10:30ean egingo da Espainiako Entzutegi Nazionaleko 3. atalean. 1994ko maiatzaren 23an, Madrilen bertan, Espainiako Armadako Francisco Javier de la Llama sargentuaren autoan lehergailua jartzea leporatuta, hilketa-saiakera delituagatik 12 urteko espetxe zigorra eskatzen du algortarrarentzako fiskalak. Hala ere, ostiral honetako oihu@ agerkari elektronikoak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, "torturapean" beste atxilotu batek sinatu zuen deklarazioan oinarritzen dira akusazio hori egiteko, "nahiz eta atxilotu hori epailearen aurrera eraman zutenean hori egia ez zela eta torturaz sinarazi ziotela deklaratu". "Juridikoki poliziaren deklarazio hutsak ez duela baliorik" gogoratu nahi izan dute, "are gutxiago inkomunikazio egoeran eta torturak erabiliz sinarazi denean". Mikel Azurmendi, Kepa Lagina, Mikel Arretxe eta Josu Bravo euskal preso politikoak ere deitu dituzte, lekuko bezala deklara dezaten, epaiketara.

Albaro Arrik beste hiru sumario gehiago irekita dauzka eta 10 urteko espetxe zigorra bete zuen Frantziako kartzeletan Espainiara estraditatu aurretik.

Amnistiaren Aldeko Mugimendutik adierazten dutenez, "epaiketa honetan berriro aurkeztu nahi digute askatasunaren aldeko burrukalari bat terrorista kupidagabea gisa, kontua alderantzizkoa denean hain zuzen: Estatuak Euskal Herria zanpatzen du, Herri hau desagertarazi nahi du armak, biolentzia, tortura... erabiliz, beti ere klase meneratzailearen interes ekonomikoak bermatzeko, eta horren kontra, bere bizitza arriskutan jarrita, euskaldunen askatasunaren alde burrukatzen duena zigortu egiten du bizitza guztirako espetxeratuz. Noiz arte segitu behar dugu horrela?"
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun