Irailaren 19an eta 22an autoa ez erabiltzeko konpromesua eskatuko zaie getxoztarrei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 17a, 23:55

Ibilbide berria izango du aurten, Garraio Alternatiboaren Egunaren harira, igandean egingo den bizikleta ibilaldiak

Getxo udalerrian egunotan egiten ari den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan, Hiritarren Konpromisoaren Eguna ospatuko da larunbat honetan. Besteak beste, Autorik Gabeko Eguna dela eta, irailaren 22an kotxea ez erabiltzeko konpromisua eskatuko zaie herritarrei. Bihar bertan banatuko den agiria sinatuz, asteazkenean ez ezik, igandean ere autorik ez hartzeko eta garraiobide publikoak edo bizikleta erabiltzeko hitza ematea eskatuko zaie. Horrekin batera, era arduratsuan gidatzeko konpromisoa hartuko dute gidariek: 90 km/orduko baino gutxiagoko abiaduran, bat-batean azeleratu eta galgatu barik. "Modu horretan erregai gehiago kontsumitu eta CO2 kantitate txikiagoa isurtzea lortzen da, baita gure kale eta errepideak seguruagoak izatea ere", udal arduradunek adierazi dutenez. Urteko beste egunetan ere hartu baino lehen "euren buruari benetan autoa behar duten galdetzera derrigortzen du", gaineratu dutenez. Egun osoan zehar, informazio-orriak banatuko dizkiete auto-gidariei, horien bidez irailaren 19an eta 22an autoa ez erabiltzeko konpromisoa eskatuz.

Horretaz gain, lantokira, ikastetxera, unibertsitatera edo erosketetara joateko ibilbide eta ordutegi berberak dituzten beste lagun edo auzokoekin autoa partekatu dezaten, zerbitzu berria jarri getxoztarren eskura, udal webgunean, Getxoko Udalak: Partekatu Zure Autoa

Igandean bizikletada

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan, irailaren 19an, igandean, Getxo udalerrian barrena egingo den bizikleta paseoak ibilbide berria izango du aurten. Besteak beste, 12:00etan, Areetako Xake plazatik abiatu eta ondoko kale hauetatik igaroko da: Negubide, Asuako errepidea (ezkerretara bira eginez), Makaletako Etorbidea (bidegorria), Fadurako Kiroldegia, Iturgitxiko Estrata, Salsidualde, Zubilleta, Aldapako Biribilgunea, Ollarretxeko errepidea, Benantzioseko Biribilgunea, Sarrikobaso eta Algortako geltokiko enparantza. Oinezkoen gunean egingo den 15 minutuko etenaldiaren ostean ekingo zaio berriz itzuliko ibilbideari: Juan Bautista Zabala, Algortako Etorbidea, "Triangelua", "La Bola" hondartza (bidegorria), Areetako Kaia, Txurrukako Kaia, Bizkaiko Zubia eta Kale Nagusia. Bizikleta paseoak ordu bete eta 15 minutuko iraupena izango du.

Getxoko Udaletik bertatik herritar guztiei dei egin diete, "maillot, traje edo gorbatarekin" bizikleta erabil dezaten egun horretan, garraiobide alternatibo gisara, autoaren gehiegizko erabileraren aurrean. Izan ere, Garraio Alternatiboaren Eguna jarri diote jardunaldiari. Gainera, azpimarratu dutenez, ezin daiteke lasterketatzat jo, "adin guztietako pertsonek parte har dezaten osteratxo lasaitzat baizik". Kirolerako ez ezik bizikleta hiri garraiobide ere badela aldarrikatu nahi dute.

Txirrindularien segurtasuna babestu nahian arauzko buru-babesa (kaskoa) erabiltzea gomendatzen dute antolatzaileek (Udal Ingurumen Ordezkaritzak horietako batzuk ipiniko ditu ez daukatenentzat) eta txirrindulari karabanaren aurretik eta atzetik udaltzainak joango dira. Udaltzainen autoek finkatutako eremu-mugak gainditzen dituztenei ibilbidetik kanpo daudela ohartaraziko zaie, euren segurtasunerako arriskutsuak diren egoerak saihesteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun