Ekitaldi honen ardura begirale aditu batzuen esku egongo da. Behin panelak zuriz margoztuta, marrazkiaren oinarrizko formak finkatuko dituzte, ondoren umeek parte har dezaten irudi ezberdinak eginez. Amaitzeko, begiraleek azken ikutua emango diete marrazkiei, Mugikortasunaren Astearekin lotutako graffitia lortzeko. Tailerra 12:00etatik 14:00etara arte egingo da Areetako Xake plazan, eta 18:00etatik 20:00etara Algortako Telletxe plazan.
Gurpil-aulkiak eta itsu-makilak
Bitartean, herriko oztopo arkitektonikoek mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei eragiten dizkieten arazoak ezagutzeko aukera izan dute gaur, Areetako Andres Larrazabal kalera inguratu direnek. Irisgarritasun Egunaren harira, bertaratutako guztiei gurpildun aulkiak eta itsu-makilak banatu zaizkie, Getxoko Udalaren Ingurumen Arloaren laguntzaz, ONCEk eta Bidaideak Euskal Elbarrituen Elkarteak antolatutako Gure lekuan jar zaitez ekimenean.
Honen aurkezpenean, Iñaki Zarraoa alkatea egon da eta, komunikabideen aurrean, herrian oztopo arkitektonikoak kentzeko Irisgarritasun Plangintzaren barruan udalerrian egindako lan guztiak azaldu ditu. Irisgarritasun Plangintza hau 1.999az geroztik dago indarrean, EAEn aitzindaria da, eta kaleetan eta udal eraikinetan du eragina. Lan hauen eta beste batzuen ondorioz, 2002 urtean, Bizkaiko Elbarrituen Koordinakundeak irisgarritasun saria eman zion Getxoko Udalari. 2004ko ekainean, berriz, COCEMFE saria eman zion Espainiako Elbarrituen Konfederakundeak, arlo horretan egindako lanagatik.