Uribe Kostako Korridoreko Mimenaga-Sopela tartea 2006ko amaierarako egongo da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 21a, 23:50

Enekuri eta Abantzada artean, Txorierriko Korridorea ere handiagotuko du Bizkaiko Foru Aldundiak

Uribe Kostako Korridoreko Mimenaga-Sopela tartea egiteko lanak Enrique Otaduy enpresari esleitzea onartu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Batzordeak. Besteak beste, 30,8 milioi euroko aurrekontua dute obrek eta 2006ko azken hilabeteetarako amaituta egotea espero dute. Hain zuzen ere, Mimenagako errotondatik (Berango) Sopelako herrigunerako sarbidera bi kilometroko bidea eraikiko dute. Patxi Sierra-Sesumaga foru-bozeramaleak adierazi duenez, korridorea osatuko du zati berriak, Artazako errotondatik Sopelara. Horretaz gain, hondartzetatik aipatu herrira doan auto kopurua "arintzea" ahalbidetuko du, Berango-Sopela jasotako errotondatik abiatuta egingo diren areatzetara sartzeko eta Hegoaldeko Saihesbideko errepideen bitartez. "Azkorri, Arrietara eta Arrietaratiko kotxeak herrigunetik igarotzea ekidingo da", azaldu du Sierra-Sesumagak.

Saihesbidea eraikiz herrigunetik aldenduko dituzte Sopelako hegoaldera joan nahi diren autoak. Halaber, oinezkoentzako ibilbidea eta bidegorria ere luzatuko dituzte, oinezkoek zein txirrindulariek hondartzera "segurtasun eta erosotasun osoz" hel daitezen.

Txorierriko Korridorea

Horretaz gain, Getxo udalerrira bidean, Txorierriko Korridoreko Enekuri eta Abantzada arteko zatian auto gehiago ibili ahal izateko lanak Brues y Fernandez enpresari esleitzea onartu du Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Batzordeak. Sierra-Sesumagak aipatu duenez, korridoreko eskuineko bidean puntako orduetan sortzen diren auto-ilaren arazoari irtenbidea eman nahi diote. "Getxorako kotxeak abiadura oso txikian joatea eragiten du horrek", foru-bozeramaleak azaldu duenez.

Azkenik, Getxora abiatuta ere, BI-637 errepidearekin lotzeko adarrean beste bi bide jarriko dituzte, lau egongo dira guztira. Bilborako, berriz, hirugarren bide bat jartzea aurrikusten da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun