Ostegun honetako udalbatzara eramango duten mozioa aurkeztu du gaurko prentsaurrekoan Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaleak. Horretan, hiruzpalau urtetik hona, Udala Euskal Herritik kanpo dauden euskal preso politikoen senideen kartzeletarako bidaiak diruz laguntzen diharduela nabarmendu nahi izan dute popularrek. Besteak beste, 2001ean, 2002an eta 2003an emandako diru kopuruak gogora ekarri dituzte, 10.962, 19.376 eta 19.097 euroak, hurrenez hurren. Horrekin batera, aurten onartutako 24.000 euroko diru-laguntza dela eta, "milagarren aldiz, terrorismoaren biktimen kontura barre egitea" leporatu diote, EAJ, EA eta IU-EBren babesaz, Iñaki Zarraoa alkateak zuzentzen duen udal gobernuari.
Arrueren hitzetan, "euren buruak demokratikotzat hartzen dituzten alderdiek osatutako udalak ezin du herritarren dirua horretarako eman. Terrorismoaren benetako biktimak direnei laguntzeko erabili beharko luke, eta ez horiekin bihozgabe jokatuz". Hori dela eta, "behin betiko, justizia egitea eta ETAk erahildakoen eta euren familiarren sufrimendua aintzat hartzea" eskatuko du osoko bilkuran PPk. Bide horretan eurek aurkeztutako ekimen guztiak "baztertuak" izan direla nabarmendu nahi izan dute.