Emakumeentzako Jabekuntza Eskola jarri dute martxan Getxo udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 23a, 00:02

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, Emakumeentzako Jabekuntza Eskola abian jarri du, Ermua eta Basaurirekin batera, Getxoko Udalak. Besteak beste, banaka zein kolektiboki daukaten eragina izateko gaitasunaz jabe daitezen, erabakietan parte hartze handiagoa izateko baliabideen berri emango diete. Azken finean, "emakumezkoei gizartean merezi duten protagonismoa emateko bitartekoak eskaintzen dituen eskola" sortzea da helburua, Iñaki Urkiza Gizarte Ekintza, Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera. Hala ere, hizkuntza aldetik, aipatu behar da ekimenean emango diren ikastaroetako bat baino ez dela euskaraz izango, "Jende aurrean hitz egiteko teknikak" delakoa alegia. Izena emateko urriaren 6ra arte egongo da aukera, Herritarren Arretarako Bulegoetan, 8:00etatik 14:00etara eta Herritar Arreta Gunean 14:00etatik 20:00etara. Ikastaro bakoitzaren hiruhileko bakoitzeko prezioa 3 eurokoa izango da.

Udalerriko emakumeen elkarteetan parte hartzen duten andrazkoei, kultur eta kirol elkartetakoei, gobernuz kanpoko erakundeetakoei, sindikatuetakoei eta beste getxoztar guztiei dago zuzenduta ekimena. Datorren urritik abendura bitartean Algortako eta Erromoko Kultur Aretoetan eskainiko diren ikastaroen bitartez, emakumeen ahotsa berreskuratu nahi du Jabekuntza Eskolak, eta aldi berean, bizitza publikoan parte hartzerakoan dituzten oztopoak gainditzeko eta elkarte sareak tokiko politiketan hobeto esku hartzeko lagundu ere bai. Elkartrukerako sareak ere ezarri nahi ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun