Haurrentzako zerbitzuetako euskararen egoera aztertuko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 23a, 00:02

Haur Hezkuntza zentroetan, haurtzaindegietan, haurrei zuzendutako zerbitzuetan eta herriko ikastetxeek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jardueretan ematen den euskararen erabilerari buruzko azterketa eta Plan Estrategikoa egingo ditu Getxoko Udalak. Ikerketa lau hilabetetan eramango dute aurrera, 28.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin. Hain zuzen ere, Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Plangintzaren barruan dago ekimena, dagoeneko gazte eta kirol taldeetan eta saltokietan burututakoekin batera. Iñaki Zarraoa alkatearen arabera, "oso garrantzitsua da haurrei zuzendutako zerbitzuetan gertatzen ari dena ezagutzea, gaur egun arlo horretan dauden eskaintzak ezagutu eta eredu elebidunen alde egiten duten joeretara egokitzeko".

Diagnostikoa hamar haurtzaindegi eta Haur Hezkuntza zentroetan, haurrentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa eta erakundeetan, Musika Eskola bezalako zentroetan, ekitaldi erlijiosoak antolatzen dituzten parrokietan eta bestelako eskoletan eramango dute aurrera. Ondoren, herrian antolatzen diren eskolaz kanpoko jardueretan, euskararen erabilera bultzatzeko aurrera eraman daitezkeen ekintzen Plan Estrategikoa zehaztuko dute. Zarraoaren hitzetan, "araututako ekitaldietan eskaintza elebidun zabala egon arren, badirudi hizkuntz-ikuspegitik oraindik gehiago egin daitekeela haurrei zuzendutako beste ekitaldi mota batzuetan".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun