Hala ere, ez dira bihar amaituko Kultur Leioa inauguratzeko jarduerak. Urriaren 2ra bitartean egitarau zabala prestatu dute. Hain zuzen ere, musika, antzerkia, pintura eta ikusentzunezko bitartekoak nahasten dituen "En construcción" emanaldi ikusgarriak emango die amaiera, aipatu egunean, ospakizunei. Guztira, Hortzmuga antzerki taldeko, EHUko Arte Ederretako Fakultateko eta herriko hainbat elkarteetako ehun bat lagunek parte hartuko dute ekitaldi horretan, 22:00etatik aurrera, Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazen artean.
Hala ere, larunbat horretara bitartean zer ikusi egongo da Kultur Leioan. Besteak beste, Golden Apple Quartet laukoteak emango du kontzertua irailaren 24an. Bi saio eskainiko dituzte, 20:00etan eta 22:30ean, hurrenez hurren, eta 10 euroko salneurria daukate sarrerek. Irailaren 27an, Jon Beitia Dantza Konpainia ikusteko aukera egongo da berriro. Eta hiru egun beranduago, Kantika Korala, San Juan Bautista Abesbatza eta Leioako Gazte Orkestra igoko dira beste behin agertokira.
Hamar milioi euro
Kultur Leioa martxan jartzeko inbertsioa hamar milioi euro baino gehiagokoa izan da. Hala ere, erakunde batzuk 300.000 euroko diru-laguntzak eman dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiak hurrenez hurren, eta Espainiko Sustapen Ministerioak milioi bat euro baino gehiago jarri ditu. Aretoaren mantentze-lanetarako eta kultur-ekitaldietarako, berriz, 600.000 euro inguru kostua aurrikusten du urtean Leioako Udalak.
Karmelo Sainz de la Maza alkateak adierazitakoaren arabera, "auzoetako kultur aretoei ekitaldiak kendu beharrean, kalitatezko kultur-zerbitzu egokia emateko baliagarria izango zentro berria, kultura parte-hartzailea bultzatuz".