Bi egunetan zehar egingo den Elkarteen Azokaren bitartez, euskararen normalkuntzan arlo ezberdinetan ari diren taldeak ezagutarazteaz gain, bakoitzak dituen helburuak eta horiek lortzeko bideratutzen dituzten berri eman nahi dute, antolatzaileek adierazi dutenez. Horretaz gain, elkarteek bultzatzen dituzten ikasturte hasierako kanpainetan izena emateko aukera izango dute herritarrek. Besteak beste, Bizarra Lepoan, Egizu, UK, ALBE, euskaltegiak eta GEHI hitzarmena sinatutako elkarteak dira San Nikolasen etxola edukiko dutenak.
Txalaparta festa
Larunbatean, berriz, txalaparta izango dute oinarri jarduera gehienek. Goizean, txalapartari ezberdinekin jotzeko aukera egongo da Telletxe plazan; baita horren inguruko informazioa jasotzeko gunea ere, San Nikolas plazan. Arratsaldeko dantza garaikide emanaldiak eta Ttakunpa taldearen kontzertuak ere instrumentu horri lotuta izango dira. Lehenengoek, tinbalen soinuarekin uztartuko dute txalaparta; bigarrenek, afrikar soinua eta dantzarekin. Izan ere, euskal kultura eta horren sinboloa izan daitekeen txalaparta moduko instrumentu baten bilakaera eta egungo joera berrietara egokitzeko garrantzia nabarmendu nahi dute.
Ikusi egitarau osoa agendan