"Nazioarteko legediak, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Legeak eta Espainiako legediak herritarren ikasteko eskubidea onartzen dute, baita presoena ere", Etxeratekoek adierazi dutenez. "EHUri eskatzen zaion baldintza bakarra Espainiako Espetxe Zuzendaritzak onartuko duen hitzarmena sinatzea da", gaineratu dutenez.
Horretaz gain, "gehiengo politikoa zein akademikoa" ados dagoela azpimarratu dute. "EHU, Hezkuntza Saila, Eusko Legebiltzarra eta bertako Hezkuntza Batzordea ere alde agertu dira. PP alderdiko sektore batek izan ezin, denek aldarrikatzen dute presoen ikasteko eskubidea. Balditza murriztaileak jarri arren, Espainiako Espetxe zuzendaritzak ere, hitzarmena sinatzearen alde" agertu dela aipatu dute senitartekoek. Baita Euskal Herriko "gehiengo sozialak" ez duela debekua ulertzen ere.
Faborezko traturik ez
Beste alde batetik, 1998-1999 ikasturtetik 2002-2003 ikasturtera (2003-2004ean unibertsitatean ikastea debekatu zitzaien) EHUn ikasi zuten presoei "faborezko traturik" ez zitzaiela eman adierazten dute Juan Ignacio Perez Iglesias errektoreak EHUko Gobernu Batzordean gaur aurkeztutako azterlanaren emaitzek. Are gutxiago, ikasketak amaitzeko, ikasle presoek "askoz urte gehiago" behar dituztela agerian utzi du Kartzel-erakundeetan dauden EHUko Ikasleen Bizitza Akademikoaren gaineko Ikerketak.
"Ikasteko aukera izan zuten azken bost urteotan, gainontzeko ikasleak baino emaitza txarragoak eduki zituzten ikasle presoek, bai ikasketak amaitzeko urteei, bai tituludun kopuruari begiratuta", errektoreak azaldu duenez. Hala ere, bataz besteko notei dagokionez, paretsu daude gainontzeko ikasleekin.
Dena den, ondo frogatutako azalpena du horrek, EHUren ustez. Aipatu dutenez, bataz beste, matrikulatu diren lau ikasketetatik batean baino ez dira aurkezten azterketara ikasle presoek; gainontzekoek, ordea, hirutara. "Zailtasun handiak ditu espetxe batetik ikasi behar izateak", unibertsitateko arduradunen hitzetan, "beraz faborezko traturik ez dago".