Gaur irakurri den testua:
Gauon guztioi!
Bi estatuek gure eta preso dituzten gure senitartekoen aurka darabilten mendeku eta gorroto politikarekin amaitzeko ordua da; gureak Euskal Herriratu eta horrenbeste sufrimendu sortarazten ari den gatazka politikoa soluziobidean jartzeko ordua da. Horretarako, ezinbestekoa da, ordea, hitz hutsalak alde batera utzi eta eragile orok benetako konpromisoak hartzea, guztion artean euskal presoak Euskal Herrira aldarria errealitate bilakatzea.
Elkarrizketaren balioaz, gatazkaren konponbideaz, planez... horrenbeste hitz egiten duten alderdi politikoei 5 Estatutako 80 kartzeletan sakabanatuta dituzten 684 euskal preso politikoak noiz hartu behar dituzten aintzat galdetu behar diegu. Noizko gure eta euskal errepresaliatu politikoen eskubideak? Eskubide horiek bermatzeko zer egingo duzue?
Inora ez garamatzaten hitz hutsalen garaia amaitu da, aro horrekin amaitu behar dugu bai baitakigu herri honetako eragileak hitzetatik ekintzetara igarotzean sakabanaketa politikarekin behin betirako amaitzeko bidean jarriko garela, gatazka politikoaren irtenbide politikoa aurkitzeko bidean aurrera pausu garrantzitsua emango dugula. Eta horretarako ari gara dugun guztia ematen, gu jasaten ari garena ez baitugu beste inork bizi behar izan dezan nahi.
Horregatik, aski da! oihukatzen dugu. Aski da sufrimendua luzatzeko besterik balio ez duten mendeku eta gorroto politikez; aski da norberaren burua zuritzeko besterik balio ez duten hitz hutsalez. Aski da! Euskal errepresaliatu politikoak Euskal Herrian, etxean izan daitezen konpromiso sendoa erakusten duten ekintzak eskatzen dizkizuegu, hitz hutsalez eta utzikeriaz leporaino baikauzkazue.
Guztion artean lortuko dugu!