Utziozue faxismoarekin kolaboratzeari
Iruzurra gero eta handiago egiten ari da. Getxo Biziaren ordezkaria gabe Getxoko Udalean egiten den bilera, batzar eta bozketa bakoitzean herriari egiten ari zaion iruzurra handituz doa. Gaurko udal batzarrean behin behingoz onartu dira tasa eta zerga igoerak eta horretarako lotsagabeki erabili duzue berriro ere Getxo Biziari dagokion zinegotzi postua.
Bazterketaren erabilera kontziente honen bitartez faxismoarekiko ezinbesteko kolaborazioa, iruzurra bezala, gero eta handiagoa da.
Baina herritarren bozkatzeko eskubidea errespetatzeko eta gauzak ondo egiteko borondatea badago, oraindik ez da beranduegi.
Maiatzean aurkeztu genuen herritarren borondatea aintzat hartzeko eta borondate horren arabera Getxoko Udal Batzarrean beharrezkoa den aldaketa egiteko proposamena. Ordutik hona nahikoa denbora izan duzue konturatzeko beharrezkoa den zinegotzi aldaketa legez egin daitekeela eta tramitazioa sinplea dela (182.2 artikulua). Bitartean, proposamena ahalik eta zehaztasun handienaz azaltzeko, Ezker Batuarekin bilera bat izan dugu eta EA eta EAJ-rekin ere bilerak izan nahi genituzke. Ondoren prest gaude proposamena nonnahi eta noiznahi azaltzeko eta beharrezkoa balitz atez ate joango gara herritarrei honen berri emanez. Uztailean adierazi genizuen bezala egoera jasangaitza da. Herriak eta demokraziak erantzun positiboa behar dute eta gogoratu, pertsona bat boto bat. Printzipio hori larriki urratzen duena non dago?
Erasotuak epaituko dituzte
Datorren asteko eguastenean, hilaren 29an, Erromoko hiru gazte epaituak izango dira 2001 hauteskunde egunean EUSKAL GAZTERIA AURRERA leloa zeramaten kartel bana Iturgaitzen aurrean erakusteagatik.
Egun hartako protesta baketsua, eurak ulertzen duten lengoaia bakarraz erantzun zuten soinujolearen bizkartzainek, hau da, gazteak bortizki jipoituz. Baina egoera normal eta demokratiko batean erasotzaileak baldin badira epaituak izaten direnak, hemen berriz, erasoa eta bortizkeria jasaten dutenak dira epaituko dituztenak.
Fiskalak egiten duen eskakizuna gainera ez da txantxetakoa: 3 urte kartzela ustezko koakzioak delituagatik, 20 asteburu kartzela ustezko desordenak delituagatik eta 1.300 ko isuna ustezko irainak delituagatik epaitua izango den bakoitzarentzat.
Faxismoa agerian dago berriro ere eta gehiegikeria hauek salatzearekin batera Getxo Biziak elkartasuna agertu nahi die estatuaren jazarpena jasaten ari direnei. Aldi berean zinegotziei eta udalari euren elkartasuna ager dezaten eskatzen diegu eta asmo horrekin datorren eguasteneko epaiketara bertara daitezen.
Presoak eta euren familiak suntsitzea da faxisten obsesioa
Ezkerreko abertzale guztiak nahi gaituzte mapatik desagertuta edo gutxienez preso, euren Führer txikiak ozenki bere komunikabideen aurrean esan zuen bezala. Eta bitartean jada bahituta daudenak ari dira bereziki zigortzen. Presoak eta presoen familiak, neurri batean azken hauek ere bahituta dauzkate eta.
Kontzientzia libre duten euskal herritarrak zigortu eta zanpatzeko obsesioari jarraiki, behin eta berriz ari dira faxisten ordezkariak presoen senideen dirulaguntza xumeak ezabatu nahian. PP-ren mozioa ez da onartu izan, besterik ez genuen espero, baina dirulaguntza xume baino xumeagoak tramitatzeko Ezker Batuako Urkiza jaunak azken 16 hilabete hauetan ipini dituen trabak aipatzekoak dira. 2003 urteko laguntzak tramitatzeko 2004 urterarte itxaron zuen eta batzuk oraindik ordaintzeke daude. 2004 urteko eskakizunak erantzun gabe daude oraindik, interesatuek ez dakite zein egoeran dauden euren eskakizunak, administrazioak ez dielako erantzun.
Bitartean presoen senide eta lagunek astero astero egiten dituzte milaka kilometrotako bidaiak Espainia eta Frantziako espetxeetara. Justizia balego, orain sakabanaturik dauden euskal presoak Euskal Herrian leudeke eta atzerriko sakabanaketan igarotako urteengatik laguntza apurrak baino, ganorazko indemnizazioak behar lituzkete.
Getxon, 2004ko irailaren 23an.