Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzeta gaztetxea botatzen ari dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 27a, 15:41

Getxoko Udalak bidalitako hondeamakina batek Erromoko Santa Eugenia kalean dagoen Itzubaltzeta gaztetxea eraisteari ekin dio. Lehenago, Ertzaintzak gazte lokala hustu egin du, lau gazte identifikatuz eta kanporatuz. Eraikinaren kanpoaldean indarkeriaz aritu da polizia autonomikoa, gazte zein inguruko beste auzokideen artean hainbat zauritu sortuz. Haietako bat ospitalera eraman behar izan dute anbulantziaz. Atxiloturik ez da egon.

Goizeko 7:30ean Ertzaintzako laupabost furgoneta hartu diztuzte Itzubaltzeta gaztetxearen inguruak, Santa Eugenia kalea eta ondoan dagoen parking-a itxiz. Beranduago, 9:30ak inguru, gazte lokalean sartu dira eta barruan zeuden lau gazte identifikatu dituzte.

Zauritu bat, Gurutzetara

Bitartean, ospitale zaharraren inguruan gazteak eta auzokideak kontzentratu dira, Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearen eta Ertzaintzako kideen jarrera gaitzetsiz. Alkateak bidalitako hondeamakina Santa Eugenia kalera heldu denean, gazte zein helduak lurrean eseri dira gaztetxea defendatzeko eta eraiste lanak trabatzeko asmoz. 11:00ak aldera, ertzainek borraz sakabanatu dituzte eta helduekin, gazteekin zein agureekin gogor aritu dira. Gazte bat anbulatziaz eraman behar izan dute Gurutzeta ospitalera, buruan zeukan zauriaren larritasunagatik.

Barruan zeuden gaztetxeko lau kideak kanporatu dituztenean berriro hasi dira ertzainak indarkeria erabiliz. Hain zuzen ere, gazte bat saiatu da lurretik pankarta bat hartzen baina ertzainek ez diote utzi. Batzuen artean hartu eta horma baten kontra bota dute. Horren ostean, gaztetxera sartu eta jipoitu egin dute. Azkenean, kanporatu dute besterik gabe. Une horretan hondeamakina ekin dio gaztetxea eraisteari, teilatutik hasi dela. Geroago, gazteek manifestazioa egin dute Erromotik eta beste deialdi bat egin dute gaueko 9etarako. Momentuz, ertzainak Itzubaltzeta gaztetxearen inguruetan jarraitzen dute.

Iragarritako hustea

Erromoko gazteek okupatutako udal eraikina gutxitu psikikoentzako egoitza egiteko utzi zion Getxoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari. Okupazioaren ostean, Udalak etxearen jabegoa berreskuratu zuen huste prozesua burutzeko. Hasitako prozedura administratiboa atzo bukatu zen, Itzubaltzeta gaztetxeko asanbladak errekurtsorik ez baitzuen aurkeztu orain dela bi hilabete jasotako azken huste aginduaren kontra.

Itzubaltzeta gaztetxearen e-posta: erromokogaztetxea@euskalerria.org

Gai honen inguruan beste berri batzuk:
Berria
eitb24
El Correo Español
Gara
Gazte Sarea
Itzubaltzeta gaztetxeak aurretik egindako laguntzeko deialdia

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun