Hitzeman

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 27a, 15:53

Kontseiluaren kanpaina. Euskara ikasi edo euskaraz bizitzeko konpromiso argia hartu dute getxoztar entzutetsuek herritarren aurrean.

Onak dira une batez euskararekiko konpromisoa hartu dutenak. Hobeak, jarrera horri luze eusten diotenak. Ezinbestekoak, baina, hizkuntzarekin kontsekuente bizitza osoan izango direnak. Bertold Brecht zenaren olerkia gogoratuz, Joseba Butron irakasleak Hizkuntz eskubideak, denon konpromisoa kanpainari adierazitako atxikimendua azaldu zuen atzo eguerdian, Getxon izandako ekitaldian.

Herrian egunotan Euskal Jaiak ospatzen dabiltzala eta, Kontseiluak konpromisoa hartzeko deia egin zien getxotar entzutetsuei, eta horietako asko batu zituen Algortan lagunarteko argazkia egiteko. Honako hauek eman zuten hitza: euskalgintzan dabiltzanak (Rozio Luces, Joxi Arakama, Paul Bilbao eta Gorka Uriarte), kulturgintzakoak (Unai Elorriaga, Fredy Paya, Iñaki Friera, Mitxel Sarasketa, Mikel Martinez, Joseba Santxo, eta Miren Izaga), sindikalistak (German Kortabarria), kirolariak (Jon Azkargorta, Mikel Etxeandia, Iñigo Landaluze eta Endika Guarrotxena), politikariak (Iñigo Iturrate eta Joserra Bilbao), kazetariak (Jabi Onaindia) eta irakaskuntzako langileak (Joseba Butron eta Jokin de Pedro).Iñaki Lasa Kontseiluko kideak kanpainaren hiru zutabe nagusiak azaldu zizkien bertan bildutakoei. Ohartarazi zienez, euskararen etorkizuna oraindik bermatuta ez dagoen arren, konpromisoak behar bezala garatuz gero normalizazio prozesu sendoa lortu ahal izango da.Unai Elorriagak adierazi zuenez, konpromiso adierazpen horrek badu baliorik: «Askotan ahaztu egiten zaigu euskaldunok baditugula eskubideak, eta normaltzat hartzen dugu, esaterako, Administrazio publikoan erdaraz egitea. Honek balio digu hori gogoratzeko», esan zuen.

Iñigo Landaluze txirrindularia, bestalde, «euskara ikastera lotu» du atzo hartutako konpromiso horrek.

(Iñigo Bilbao, Berria, 2004ko irailaren 26a)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun