Talante onaren munduan - Mikel Carramiñana / Mediaberri.com-eko koordinatzailea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 27a, 23:10

Egia da. Aukeran, gehienek nahiagoko dute Zapateroren fantasiazko mundua bibotedun amerikar zalearen historia eskola arrazistak baino. Nazio Batuen Erakundearen baitan zenbatetan aipatuko dute bakea hitza, sakoneko esanahirik gabe beti, ezinezkoa bihurtu dela benetako bakerik zer den jakitea. Inork gutxi espero du halako foroetan gizadiaren panazea izan daitekeen hitzik aipatzea, baina aitortu behar da Espainiako presidentearen diskurtsoa harridura keinuren bat eragin duela. Eskolako ume batek egindako idazlanaren antza antzeman diote askok, ulertu gabe politika ustela ez duela sekula izango gazte baten ametsek duten balioa.

Ezin jakin amets horien kutsurik izango zuten Zapateroren hitzok, izan ere, ustekabean hartutako karguan denbora gehiago eman arte ez da guztiz murgilduko demokrazia deitzen dioten joko zikinean. Horregatik agian, eta Patxi Lehendakari jauna laguntzearren noski, bota zuen Bilbon ontziolak salbatuko dituen gobernuaren buru dela. Euskal Presoak haien etxeetara hurbiltzen dituen egunean, sozialista ez den euskaldun baten batek uste izango du, orduan bakarrik, nolabaiteko asmo onik baduela Monkloako biztanleak.

Ibarretxe lehendakaria da itxura ona ematearen maisu, eta aitzindari askotan. Orain berriro hasiko dira hirukoaren beherapenak, eta planak merke saltzeko garaia. Noiz arte luzatuko den, ordea, batek daki. Berretsi egin du lehendakariak euskal herritarren etorkizuna berton, eta ez Madrilen, erabakiko dela, baina betiko leloa dela argiegi dago. Alderdien legearen gehiegikeria salatu du halaber, baina bere alderdiak ez du orain arte biderik jorratu udalerrietan legez kanpo utzitako alderdien parte hartzea bermatzeko. Diskurtso ederrak ez dira zilegi gerora inoiz betetzen ez diren errealitateak saltzen badira horietan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun