Hiru gazteen aurkako epaiketa "onartezintzat" jo du Erromoko Ezker Abertzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 29a, 22:33

Jone Goirizelaia abokatua fiskalarekin heldutako akordioari esker, bertan behera geratu da goizean Bilbon ospatzekoa zen Asier Polo, Arkaitz Bolumburu eta Fernando Aldunza gazteen kontrako epaiketa. Hala ere, gertaera "onartezintzat" jo du Erromoko Ezker Abertzaleak. Ordu batetan egindako agerraldian erakunde horretako kideek salatu dutenez, "horrelako epaiketa ez da gauza isolatua". "Euskal Herriaren alde borrokatzen duen ororen aurka inpunitate osoz jarduten dabiltza", gaineratu dute. Erromoko Ezker Abertzalearen iritziz, "gaur berriro ere, Euskal Herrian demokraziarik ez dagoela agerian geratu da Bilboko epaitegian. Hau onartezina da, isun eta gartzela zigor neurrigabeaz ari gara. Gazte, euskaldun eta ezkertiarrak izateagatik epaituak izan dira. PP-ren itzala nabaria izan da epaitegian gaurko egunean ere"

Euskal Herriak pairatzen ari den sufrimendua "argia eta lazgarria" izanik konponbiderako unea dela eta demokrazia beharrezkoa dela aldarrikatu du Erromoko Ezker Abertzaleak. Hala ere, ezkor agertu dira Ibarretxe planak edota Ertzaintzaren plantilla areagotzeak (500 gehiago) konponbiderik ekarriko duen.

Beste alde batetik, Segik prentsaurrekoa egin behar zuen epaitegiaren ateen aurrean, baina UKBERRIri adierazi diotenez, ezin izan dute bertan polizia presentzia handia zegoelako. Hona hemen gazte erakundeak irakurri behar zuen idatzia:


"Honen bitartez Euskal Herriak pairatzen duen egoera eta, kasu honetan, gazteriak sufritzen duen jarraipen, akusazio eta epaiketak salatu nahi ditugu. Badirudi azken aldi honetan Uribe Kostako gazteoi lotsarazi nahi gaituztela burutzen ditugun ekimenengatik.

Gaurko epaiketa, hauteskunde batzuetan euskal gazteriaren aldeko kartelak erakusteagatik burutuko da eta 3 urteko kartzela-zigorra, 20 asteburutako espetxeratzeak eta 2000 urteko isuna eskatzen zaie honegatik.

Badirudi egunero telebistan ikusitako milaka kilometrotara dagoen legerik gabeko herrialde bati buruz ari garela, baina ez, hau guztia eta gehiago ere hementxe bertan gertatzen ari da. Isun eta kartzela-zigor neurrigabeaz ari gara; gazte, euskaldun eta ezkertiar kutsua duen ororen aurka diseinatu duten politikaz. Eta kalera irten baino ez da egin behar herri honetan eskubideak defendatzea, bidegabekeriak salatzea edo kalea, gazteon esparru natural modura berreskuratzea oso garesti jarri dela ikusteko. Badakigu, urteetan zehar, sistema oro egia isilarazten saiatu dela sortarazten dion minagatik. Baina badakigu ere gure oihuek harresiak bota ditzaketela, horregatik ez gara isilduko!

Gogoratzea urrian Algortako 12 gaztek prozesu judiziala pairatuko dutela etxe bat okupatzeagatik eta, azaroan, Getxoko epaile batek 103 gazte epaituko dituela LOUaren kontrako protesta egiteagatik. Horretaz gain, Algortako gazteak epaituko dituzte kale borrokaren akusaziopean froga barik. Hori guztia salatzeko:

Urriaren 1ean (ostirala) 19:30ean Erromoko Kolas plazan, eskualdeko manifestazioa".

Gaiaren inguruko berriak:

Iturgaitz iraintzeaz akusatutako gazteak fiskaliarekin akordio batera heldu dira
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun