Goizeko argazkiak mordoak izan ziren. Itzubaltzeta gaztetxeko balkoian zebiltzan erresistentzialariak ukabila lau haizeetara goratuta; goizeko 8etan pankarta horiaren atzean bildu ginenok; ertzainen furgoneta bat bertaratu zen; udaltzainekin lehen oihu eta bultzadak; hondeamakina heldu bezain laster gero eta gazte gehiago geundelarik lurrean eserita era baketsuan; ertzainen beste bi furgoneta eta lehenengo ostikadak; gazte bat lurrean etzanda burutik odola zeriola eta beste zauritu asko; inpotentzi negar tantak; erresistentzialariak aterarazteak eta mehatxuak ertzainen ahotik... gaztetxearen eraistearen lehen uneak eta tristura gu guztion aurpegietan islatu da.Hau izan da guztia. Argi utziko diegu hauei guztiei Erromoko gazteriak ez duela etsiko eta gaur, bihar edo bi aste barru lanari ekingo diogula beste etxe huts bat okupatuta eta hau berpiztuta. Hori baita gure delitu bakarra, gazteak izatea eta benetako alternatibak gazteon eskutik bideratzea. Besarkadarik sentikorrena, herenegun inposizio, mehatxu eta kolpe guztien gainetik duin eta tinko mantendu zirenei. Bidea hasia dugu jada eta ez inork ezta ezerk ere ez gaitu geldituko. Zorionak Erromoko gazteriari!! Okupazioarekin herri kultura zabaldu!!
Berria egunkarian 2004ko irailaren 29an argitaratutako gutuna