Txema Ramirez de la Piscinarekin batera, Idoia Torregarai UEUko komunikazio-arduraduna, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria, Mikel Arrieta Berria kazetako komunikazio-arduraduna eta Ana Urkiza EIEko idazkari kudeatzailea (argazkian, ezkerretik eskuinera) mintzatu dira gaurko aurkezpenean, Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuaren inguruan.
Ramirez de la Piscinak adierazitakoaren arabera, orduan ia ezinezkoa zirudiena errealitate bihurtu da. Gaurko egoera hainbat lagun, elkarte, gizarte-mugimendu eta erakunderen ahalegin eta elkarlanaren ondorioa izan da, gogoratu du. Egunkari, irrati eta telebista nazional banaz gain, zabalpen eremu ezberdineko astekariak ere baditugu; baita ere, herriz herri, eta sektorez sektore, osatzen joan den hedabide txiki eta ertainen sare zabala, azpimarratu du EHUko irakasleak. Horregatik, euskarazko kazetaritza Euskal Herri osoan presentzia duen errealitatea da: 500 profesional inguru eta 250etik gora hedabide horren lekuko dira. Hori guztia 779.788 euskaldun dituen herri batean. Orain arte egindakoaz jabetu eta hemendik aurrera izango ditugun erronkei erantzun egokia emateko asmoz antolatu dugu Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua, azaldu du Ramirez de la Piscinak. Hortaz, profesionalak, Administrazioa, irakasle eta ikasleak bilduko dituzte antolatzaileek.
Helburuak
Ramirez de la Piscinak Kongresuak dituen lau helburuak azaldu ditu. Lehenengo eta behin, euskarazko kazetaritzaren diagnostikoa egiteko beharra azpimarratu du EHUko irakasleak, horren ahuleziak eta indarguneak sektorez sektore zehaztuta. Bigarrenez, euskarazko kazetaritzaren etorkizunaz hausnartuko dute Kongresuan. Hirugarrenez, eta aurrekoetatik ondorioztatuta, euskarazko kazetaritzaren Liburu Zuriaren abiapuntua finkatzeko asmoa du Kongresu honek, beharrezko plangintza estrategikoa azalduz. Azkenik, eztabaida maila teorikoan jarriko du.
Egitaraua
Idoia Torregarai UEUko komunikazio-arduradunak azaldu duenez, Kongresuak iraungo dituen lau egunetan, gai monografiko ezberdinak landuko dira. Azaroaren 9an, hasteko, Euskararen Komunikazio-Esparruaren inguruan eztabaidatuko da. Kanpoko ereduak kontuan izango dira, hala nola Europako ikus-entzunezko hedabideak eta hizkuntza gutxituen egunkariak. Errealitate horietara hurbiltzeko asmoz, Islandiako Sistema Komunikatiboaren berri emango du RUV-eko albistegietako buru Logi Bergmann Eiösson-ek. Ingelesez izango diren hiru hitzaldi hauetan, aldi bereko itzulpen zerbitzua egongo da.
Azaroaren 10eko jarduerak XXI. mendeko Kazetaritza izenburua darama. Egun horretan, euskaraz jarduten duten komunikabideen etorkizuneko erronkak lehenengo eskutik ezagutzeko aukera egongo da: telebista, irratia, egunkari eta astekarietako buruak izango dira Kongresuan.
Azaroaren 11n, Elkarlanaren beharra: sinergia bila izenburupean, euskal komunikabideek aurrera egiteko behar izan duten elkarlana aztertuko da. Administrazioaren eta gizarte ekimenaren ikuspegiak ez ezik, elkarlan horren fruituak ezagutzera emango dira, euskal irratien Arrosa proiektua kasu.
Azaroaren 12an, Aurrera begira, hizkuntzari berari eta teknologia berriei erreparatuko zaie. Kazetarien lan egoera aztertu eta Mikel Elortza kazetari eta editoreak idatzitako antzerki emanaldi batekin amaituko da Kongresua.
Izen-ematea eta parte-hartzea
Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan parte hartzeko izen-emate epea urriaren 1etik 29ra izango da. Mikel Arrieta Berria kazetako komunikazio-arduradunak azaldu duenez, euskarazko kazetaritzaren ahalik eta esparrurik gehien jorratu nahi dira. Hortaz, egitarauan agertzen ez diren beste edozein gai plazaratzeko gonbitea egin du. Besteak beste, komunikazioak eta horma-posterrak aurkez daitezke. Hain zuzen ere, urriaren 8ra arte luzatu da komunikazioak jasotzeko epea.