Herrialde behartsuetan garapen egitasmoak abian jartzeko, hainbat GKE diruz lagundu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ira. 30a, 23:56

Garapen lankidetza 16 egitasmo aurrera eramateko, 245.000 euroko dirulaguntza eman die beste horrenbeste gobernuz kanpoko erakundeei Getxoko Udalak. Hego Amerikako, Ertamerikako eta Afrikako zenbait herrialdetan gauzatuko dira ekimen horiek eta osasuna, hezkuntza, emakumea eta garapena, giza eskubideak, lana eta nekazaritza garapena jorratuko dituzte, besteak beste. Honako hiru egitasmoak azpimarra daitezke, 30.000 euro banarekin: Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren Lagunak eta ATFAL Getxo Sahararen alde elkarteen laguntza kirurgikorako programa Mendebaldeko Saharan, El Salvadorko Errepublikako Libertad Departamenduan hazi kreolen zaintza eta esperimentaziorako Paz y Solidaridad GKEaren proiektua eta Guatemalako El Quiché aldean Medicus Mundi Bizkaiaren nekazaritza eta baso-garapen, elikagai-segurtasun eta osasun egitasmoa.

Hain zuzen ere, 195.000 euro hainbat herrialde behartsuetan gizarteari eta ekonomiari bultzada emateko 13 proiekturen artean banatuko dituzte. Eta gainontzeko 50.000 euroak Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetarako. Dirulaguntzak jasoko dituzten gainontzeko GKEak honako hauek izango dira: EHIGE, Mugarik Gabe, OP Cooperación, Adeco, Ayuda Más, ECCA Romo, Lagun Artean, Mary Ward, Meninos de Rua, PTM Mundu Bat, San Martin de Tours eta Zabalketa. Dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako proiektuak kontuan hartzeko metodologia egokia izan zedin, aurten HEGOA, EHUko Nazioarteko Garapen eta Lankidetzari buruzko Ikasketa Institutoaren aholkularitza eduki dute. Kontuan hartutako irizpideak, besteak beste, proiektuen kalitate teknikoa, parte hartzen dutenen ahalmena, aurrekontuak, helburu sozialak eta tokiko inplikazioa izan dira.

Imanol Landa Presidentzia zinegotzi esku ordeak gogoratu duenez, "Garapen Lankidetzari bultzada ematea udal gobernu taldearen Legegintzaldi Plangintzaren helburu estrategikoetako bat da. Hain zuzen ere, helburu horren barruan sartzen dira aipatutako dirulaguntzak; baita pasa den uztailean Ekialdeko herrialdetako haurrak hartu zitzuten familiei eta Tindoufera jakiak eraman zituen karabanari emandakoak ere. Bi horietarako 12.000 euro eman zituen Udalak. Sentsibilizazio proiektuetarako emango diren dirulaguntzak erabakitzeke daude oraindik. Horiek laister barru banatuko direla adierazi du Landak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun