Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

"Agintekeria eta itxikeriaren" aurrean, ilusioz aurrera jarraitzeko animatu ditu gazteak Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 1a, 22:04

EAJ, EA eta Ezker Batuaren jarrera irmoki salatu eta elkartasuna adierazi die Itzubaltzeta Gaztetxeko kideei

"Hondea-makinen lanek utzitako hautsa oraindik arnastu daitekeen eta Itzubaltzeta defendatu dutenen artean Ertzaintzaren bortizkeriak eragindako zauriak ere agerian dauden egun hauetan", Erromoko gaztetxea "indarkeriaz" hustuz eta eraitsiz "udal agintariek (EAJk, EAk eta Ezker Batuak) berriz erakutsitako agintekeria eta itxikeria" irmoki salatu eta, bide batez, "antolaketa era ireki eta asanblearioak praktikatuz" udalerrian sortu izan diren gazte asanbladekin eta azken urteotako gaztetxe proiektuekin bat egin nahi izan du Getxo Biziak. Horretarako, eraispen lanek utzitako orubean deitu dute prentsaurrekoa, gaur goizean, herri plataformako kideek. Euren hitzetan, "une honetan ez dago etxea bota izateko justifikaziorik". Izan ere, nahiz eta, ostegunean, urritasun psikikoak dituzten pertsonentzako zentroa 2005eko azken hilabeteetarako bukatuta egongo dela adierazi El Correo Españolek, egoitza egiteko Getxoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean hitzarmena bai, baina hori egiteko lan proiektu zehatzik eta eperik ez dagoela adierazi dute ezker abertzaleko ordezkariek. "Agintekeria eta itxikeriaren aurrean", ilusioz aurrera jarraitzeko animatu nahi izan dituzte azken urte hauetan Getxoko gaztetxeak ezagutu dituzten guztiak, "elkarren arteko konpetentzia neurrigabea, kontsumismoa eta indibidualismoak jotako gizartean fenomeno kolektiboak, elkartasuna eta autogestio guneak behar beharrezkoak direlako".

"Uda igaro bezain pronto, gazte gehienak eta auzoa oro har eguneroko ikasketa eta ihardueretan murgilduta, Itzubaltzeta Gaztetxea birrintzea izan da udal eta foru aldundiko agintarien asmo bakarra", Pili Askorbebeitia Getxo Biziako ordezkariak salatutakoaren arabera. Ildo horretan, uda bitartean, udal agintariek Algortako Gazte Asanbladarekin zein Itzubaltzeta Gaztetxeko kideekin hitz egin nahi ez izana gogor kritikatu dute herri plataformako kideek. Horretaz gain, "Getxo Biziari Udalean behar lukeen ahotsa eta zinegotzi postua ukatzen zaiolako", uztaileko udal batzarrerako gazte asanblada eta gaztetxeen alde erregistroan aurkeztutako mozioa ezin izan zutela gainontzeko udal talde politikoekin eztabaidatu, ezta bozkatu ere, gogoratu dute.

Askorbebeitiak azaldu duenez, "udal gobernu hirukoitza, hautestontzietan herritarrek adierazitakoa aintzat hartu gabe, Ezker Batua okupatzen ari den eta Getxo Biziari dagokion zinegotzi postuaz baliatzen ari da udal ordezkaritzaren gehiengo osoa izateko eta bide batez Getxok behar duen ahots kritiko eta zuzpertzailea gainetik kentzeko."

Uztaileko mozioa

Aipatutako uztaileko mozioan, Algorta eta Erromoko gazte asanbladetako kideen "kezkak eta ilusioak" bere eginez, "gazte antolakuntza eta sorkuntzaren ondorio diren ekintzei trabak jarri beharrean, laguntza eskeini eta komunikazioa ahalbidetzeko" proposamena aurkeztu zion udal batzarrari Getxo Biziak. Baita ere tokian tokiko gaztetxe proiektuak aurrera eraman ahal izateko leku fisikoa bilatu eta eskeintzea, "gazteek eurek asanblada bidez autogestionatuko dutena".

Hala ere, gaztetxeei dagokienez, ezetza izan da beti udal agintarien erantzuna herri plataformako kideen hitzetan. Diotenez, "euren hitza da ez. Ez eta hondea-makinak, Ez eta poliziak, Ez eta Ez". Hori dela eta, hitz gogorrak izan dituzte udal gobernua osatzen duten hiru alderdientzat: "Zarraoa alkatea buruan, EAJk ezer gutxi egin du Getxon gazteriaren alde eta iniziatiba sortzaileak martxan jarri izan direnean, estali, ezabatu, ito eta desagerraraztea izan da euren obsesio bakarra. Getxoko Eusko Alkartasunakoak euren gazteek gaztetxeen alde zabaldutako mezuen oihartzuna entzuteko gor agertu dira eta eroso dirudite EAJrekin eskutik helduta. Ezker Batua azkenik, mutu dago. Udal gobernuan dagoenetik etxebizitza arazoak txarrera doaz eta gaztetxeak botatzen direnean beste alde batera ari dira begira, euren ardura izango ez balitz bezala".

Gaiaren inguruko berriak:

Larunbatean Erromon da hitzordua gaztetxeen alde egiteko (2004 Ira 30)

Berri gehiago gaztelaniaz:

La residencia foral de Romo para discapacitados mentales entrará en servicio en 2005 - El Correo Español (2004 Ira 30)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun