Atxilotu eta bilurrak jarrita eraman zuten komisariara Beatriz Fernandez. Anjel Otxoantesana presoaren bikotekideak adierazi zuenez, zazpi edo zortzi aldiz biluzteko agindu zioten bertan. "Kukubilko jartzera behartu eta egingo zidana ez zela atsegingarria izango ohartarazi ondoren, polizia emakumea nire atzean jarri eta hatzamarrak uzkitik sartu zizkidanean izan zen gogorrena", azaldu zuen. Gaineratu zuenez, makurtzera eta eztul egitera behartu zuten baginan zer edo zer zeraman egiaztatzeko, "aurkitutakoa legami hutsa baino ez zela ongi baino hobeto zekitela ere". "Poltsan zegoenik ere ez nekien, beste familiar batek prestatu zuelako paketea", aitortu zuen.
Horretaz gain, tratu iraingarria ez zela bakarrik atxilotuta egon zen 48 ordutara mugatu salatu zuen Fernandezek, hedabideek plazaratutakoa gogoratuz. Zehazki EITB aipatu zuen berak. "Legamia zela konfirmatu zela ere, nire izena eta familiarena drogarekin lotzen jarraitzen zuten. Egindako kalte moralak ez dauka konponbiderik", adierazi zuen haserre bizian.