Izaera bateratzailea edukiko du elkarte getxoztarrei dirulaguntzak emateko arautegi berriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 4a, 22:29

Getxoko Udalak dirulaguntzen emakida arautuko duen ordenantza berria izango du laster. Testuaren hasierako onarpena azken udal osoko bilkuran izan zen eta gaur egun iradokizunak aurkezteko epea dago zabalik. Agiri hau honako bi arrazoi hauengatik egin dute: 2003. urtean Espainian onartu zuten arautegi orokorrarekin bat egiteko beharra, herri administrazio guztientzat loteslea baita eta, bestetik, Getxon elkarteen zeregina bultzatzeko Udalak duen borondatea. "Udalerriko elkarteen ekitaldiak bultzatu nahi ditugu euren eskura arautegi bakarra jarriz, gehienetan Udalaren beraren politikak osatzen edo ordezkatzen baitituzte. Orain arte ez genuen izaera bateratzailea zuen marko orokorra, hau da, dirulaguntzen emakidaren prozesu osoa kontuan hartzen zuena; ezta Udalaren sail guztiak ere, nahiz eta sail bakoitza bere berezitasunen arabera zehaztu ahal izango dituen. Alor bakoitzerako genituen arauak bertan behera geratuko dira orain", azaldu du Imanol Landa Presidentzia zinegotzi esku ordeak.

Dirulaguntzak bi multzotan sailkatzen dira: arruntak batetik, dagokion erakundearen ohiko jardun programaren atal bat osatzen duten ekitaldiak sustatzeko helburua dutenak, Getxon egoitza duten erakunde juridikoei bideratuak hain zuzen ere. Eta apartekoak, aldiro-aldiro egingo diren ekintza, egitasmo edo ekitaldien sustapenera bideratuak direnak, Getxon egoitza edukitzea beharrezkotzat jotzen ez dela.

Dirulaguntzak jasotzeko, kasu bietan, Udalarentzat interesgarri izan beharko du jardunak. Zentzu honetan kontuan hartu beharreko erizpideak ezarri dira, hala nola, dirua jasoko duen pertsona edo elkartea herrian esanguratsua izan edo sustraituta egotea, urteetan zehar eskatzaileak garatutako jardunak jarraipena izatea, Udalak babesturiko antzeko beste egitasmoekiko, orijinaltasuna eta egokiera, proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, eta elkarte eskatzaileak dituen diru baliabideak kontutan hartuko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun