Herriari dagokiona orain - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 4a, 22:33

Izenburu honekin plazaratu du Getxo Biziak iraileko azkenengo astean banatzen hasi den informazio boletina. Izan ere 2003ko maiatzetik 16 edo 17 hilabete igaro dira eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko udalerri gehienetan bezala, Getxon udala ez da oraindik herritarrek emaniko botoen arabera osatu. Demokraziaren minimo minimorum, biztanle eremu zehatz baten ordezkaritza bertako herritar guztien artean hautatutakoa izatea, ez ari da betetzen, ez Getxon, ez Erandion, ez Urdulizen, ez Berangon, ez Lemoizen, ez Leioan, ez... Zerrenda benetan luzea da eta udalerriez gain eta guri dagokigunez, Bizkaiko Batzar Nagusietan ere berdin, ez dago aipatu gutxienekoa betetzen duen ordezkaritzarik.

Arazoa benetan larria da, baina borondatea izatekotan konponketa posible da. Herri plataforma desberdinetakoak eta AuBkoak bezalaxe, Getxo Biziakook maiz entzun behar izan dugu komunikabideetan Udal Batzordeetan parte hartzeko aukera aztertuko zela, bestelako parte hartze formulak aztertuko zirela eta abar eta abar. Baina 16 hilabete hauetako errealitate gordina bestelakoa izan da. Inork ez gaitu inon parte hartzeko gonbitea luzatu, inork ez digu honetaz edo hartaz iritzia eskatu eta inork ez du Getxoko udal ordezkaritza demokratikoki osatzeko ezelako proposamenik egin.

Bitartean amorruz ikusi dugu polizien barreraren bestaldetik, Getxo Biziari dagokion zinegotzi postuaz baliatuz gure iritziz herritarren aurkakoak diren erabakiak hartu izan direla: Tasak eta zergak lotsagabeki igo, Udalbiltzari edo Berriari dirulaguntzak ukatzen dizkioten aurrekontuak onartu, ibaiak babesteko legeak urratzen dituzten hirigintza proiektuak onetsi, kargu politikoen soldata eskandalagarriak eta abar eta abar.

Konponketa posible dela nioen eta hori da hain zuzen ere, egoera deskribatzearekin batera, kaleratu dugun orri informatiboaren bitartez jendeari azaldu nahi izan dioguna. Herritarrek emaniko bozen arabera Getxo Biziari Getxoko Udalean zinegotzi postu bat dagokiola, Ezker Batuari ere zinegotzi postu bat dagokiola eta ez bi, zilegitasunik gabe okupaten ari diren bezala eta Getxoko udal gobernu hirukoitzak, EAJ - EA - EB, udal batzarreko gehiengo osoa lortzen duela hain zuzen ere Getxo Biziari dagokion zinegotzi postua lotsagabeki baliatuz.

Aparteko desobedientzia zibileko ekimen erraldoia burutu gabe eta indarrean dagoen legeria erabiliz (LOREG 5/1985, 182.2 artikulua), Getxoko hirukoitzak eta Ezker Batuak zehazki errez konpon dezakete Getxoko udal batzarraren zilegitasun demokratiko eza. Hauteskunde emaitzak aintzat hartuz udal ordezkaritzatik kanpo geratzen den hautagaiak, kasu honetan Ezker Batuko bigarrena Aitor Lafuente jaunak dimisioa aurkeztu behar du. Ondoren eta Ezker Batuak izendatuko duen arduradun juridiko baten bitartez, dimititu duenaren atzean zerrendan dauden hautagai guztiek uko egingo diote postu horri. Azkenik aipatu ordezkari juridikoak Getxo Bizia hautagai zerrendako burua, Pili Askorbebeitia izendatzen du zinegotzi posturako.

Momentuz erantzun baten zai gaude, baina ezin dugu askoz be luzeago itxaron. Ordezkari zilegia kanpoan utziz, bazterketa eta apartheida iraunaraziz, partidoen legea bultzatu eta onartu zuten faxisten pare jarriko lirateke Ezker Batua Berdeak, Eusko Alderdi Jeltzalea eta Eusko Alkartasuna. Erabakia eurek hartuko dute. Onartzen badute pausu ona emango dugu guztiok demokrazia eta askatasunaren bidean, baina onartzen ez badute eskatu ez diezagutela ondoren ixilik etxean geratzeko. Eskubide zibil eta politikoen aldeko militante gisa, gure betebeharra baita oinarri oinarrizko eskubideen aldeko aldarrikapena bazter guztietara eramatea.

Eta azkenik irakurle, eskaera xume bat egin nahi nizuke: Getxokoa bazara eta banatzen ari garen boletina zure buzoira ez bada iritsi, pasa zaitez arratsaldez seietatik zortzietara Getxo Biziak Algortako Torrene kalean duen egoitzatik, hartu ale batzuk eta, bat zuretzat gordez, sar ezazu bana zure atariko buzoietan. Eskerrik asko eta laster arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun