Egia izango ote da Jokinen tormentuak urte bat baino gehiago iraun duela inork bere inguruan ezer egin gabe? Zer nolako gizartean bizi gara non inor ez da ausartzen bere ondoan dagoen erasotzailea salatzeko? Ikasle guztiek bazekiten, antza, Jokinekin gertatzen ari zena eta ez hori bakarrik, irakasle batzuek ere bazuten horren berri. Eta hori guztia gutxi ezbalitz, erasotzaileen gurasoen artean bertako institutuko irakasleak bizpahiru ere badira.
Zortzi mutiko omen dira erasoen errudunak, batez besteko hamabost urtekoak. Zer izango dute buruaren barruan ikaskide batekin portaera gaitzezgarri hori hain luzaro mantentzeko?
Betidanik, batez ere nerabetasunean, gertatu dira nagusikeriak ikastetxeetan. Guztiok ezagutzen genuen lodia, argala, ixila, betaurrekoduna... izateagaitik nola ikaskide batzuek normalean basatienak- gixajo bati zirikatzen zioteneko. Gaur egun aspaldiko portaera horri izena jarri diote, bullying hain zuzen.
Nire ustez, kasu askotan, ikastetxeak gure seme-alabak egunero zortzi ordu aparkatzeko lekuak bihurtu dira. Askotan aipatzen da eskola-elkarte kontzeptua baina... zenbatero joaten gara gurasoak ikastetxeetara irakasleekin edota beste gurasoekin harremanetan jartzeko? Ezagutzen al dugu, egitan, gure ikastetxeko egunerokoak?
Ez dut uste. Batzarretara deialdiak egiten dutenean gurasoek zer nolako erantzuna ematen dugun ikustea baino ez dago -ea inor ez doa bilera horietara-.
Nerabetasunean ezohiko portaerak normaltzat hartu behar ditugu; halaber, portaera horiek zuzentzean irakasleek eta gurasoek buruz belarri sartu behar dugu.
Guztion arteko komunikazioa ikasle, irakasle eta gurasoen artekoa- eta elkarlana ezinbestekoa da Hondarribiko Jokini gertatu zaiona berriro errepika ez dadin.