Okupazioak eragozteko "ezer gutxi" egitea egotzi dio Zarraoari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 7a, 23:10

Alkateak, berriz, horrelako adierazpenekin herritarrengan "ezinegona" piztu nahi izatea leporatu die popularrei

Duela hamar egun eraitsia izan zen Itzubaltzeta gaztetxetik kanporatutako lagunak Errekagane kaleko eraikin batzuk okupatu dituztela salatu du gaur Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaleak eta eragozteko "ezertxo ere ez" egitea egotzi dio Iñaki Zarraoa alkateari. "Kezkagarria da udalerrian arazo horrekin dagoen horrenbeste etxe edukitzea. Gainera, udal gobernuak ezer gutxi egiten du hainbat auzoetan ematen ari den arazoa konpontzeko", azaldu du zinegotzi popularrak. Gaineratu duenez, "gazteentzako alternatibak bilatu beharko lirateke, okupak bilakatu ez daitezen". Zarraoak, aldiz, Alfonso Alonso (PP) gobernu buru den Gazteizen ere "okupazio arazoak" badaudela gogoratuz, berak "ondo baino hobeto" dakiela askotan "ezer gutxi" egin dezaketela erantzun dio Arrueri. Are gehiago, okupazioa delitua ez dela eta zeozer egitekotan etxearen jabeak egin beharko lukeela adierazi du Getxoko alkateak. "Zarata edo zikinkeri arazoak baleude jabearen kontra egingo genuke, bera delako eraikinaren titularra", azaldu du. Hori dela eta, horrelako adierazpenekin "gizartean ezinegona piztu" nahi izatea leporatu dio PPko bozeramaleari.

"Ez dut Gazteizko alkatea zirikatu nahi, bere arazoak izango dituelako. Baina, gorriarazi nahi gaituzte eurek jada lotsagarri geratu direnean", gaineratu du Zarraoak.

Hain zuzen ere, zehazki "ezinegon" hitza erabili du prentsa oharrean Arruek Errekagane kaleko auzokideek bizi duten egoera azaltzeko. Bere hitzetan, "auzotarren artean ezinegona sortzen da horrelako jendea etxe batez jabetzen denean. Batez ere aipatu kalean gertatzen den bezala, bidea moztuz, eraikinean zegoen traste zahar eta zikinkeria guztia atera dutelako. Haurrak egon ohi dira bertan". Ildo horretan, auzotarrei elkartasuna adierazi eta horiei laguntza eman diezaien premiatu du alkatea Getxoko PPko bozeramaleak, "arazoak daudenean egon behar delako euren ondoan".

Gaiaren inguruko berriak:

Itzubaltzeta gaztetxe berria zabaldu zuten larunbatean (2004 Urr 04)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun