Sarritan ikusi dugu politika mailan ematen den diskurtso bikoitza, eta ildo horretatik burutu ohi da aipatu ditudan politikari abertzale horien jokabidea (bakarrak ez diren arren), eta txarrena dena, badirudi herritarrok jokabide horretara ohitu egin garela. Oraingoan, alde batetik elkarrizketa hasi eta indarkeriak behin betiko bukatu behar duela esaten duten bitartean, beste aldetik poliziak egurra ematen duenean aurretik topatzen duten guztia suntsituz eta jendea jipoituz, ekimena txalotzeaz gain komunikabideetan euren poza helarazten dute lau haizetara, ezelako lotsa barik.
Aurretik esan dezadan, ikuspegi etiko batetik hiltzeak gizakiari ez diola onurarik ekartzen. Indarkeriak gizakiari sufrimendu handia ekartzen dio, eta inork desio ez dugun irteerarik gabeko bide batera eraman gaitzake, bai Euskal Herrian bai mundu zabalean. Alabaina zapalkuntza, tortura eta inposaketaren bideak zilegi ote dira?. Euskal gizartearen aurkako indarkeriak ETAk erabiltzen duen indarkeriarekin amai ote dezake?. Zilegi ote da garbizalekeria etikoa aldarrikatzen duten horiek, poliziak (Euskal Herriaren indar armatu okupatzaileek) egindako sarekadak ezelako lotsa barik txalotzea eta indar zapaltzaile horiei bidea zabalik uztea?.Azken 25 urteotan, jende horrek askotan esan digu alde batetik etorri ala bestetik etorri indarkeria salatu egin behar dela. Berba politak benetan, baina halako adierazpenak entzunda hitza jaten dutela ikusten dugu Behin eta berriz alde bateko indarkeria baino ez dute salatzen; ez dira gai indarkeria bere osotasunean baloratzeko.
Indarkeriaren arazoak berez sustrai sakonak ditu, eta politikariek komunikabideetan egiten dituzten adierapenak baino sakonagoa den analisia merezi du. Hala ere azalean geratuta, eurengandik sarri entzuten dugu ETAren indarkeria salatzen ez dugunok indar armatuari zilegitasuna ematen diogula, eta bada ETAkoak bezain bihozgabeak garela esaten edo pentsatzen duenik. Kasu honetan, politikari horiek indar armatu baten, indar polizialen ekintzak ez salatzeaz gain, euren poza eta atxikimendua ere azaldu dute, eta niri indarkeriaz gizartearen aurrean publikoki pozten den pertsonak (demokrazia labela eraman ala ez) ez dit errespetu handirik merezi.