Kritika eta kontrakritikak - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 11a, 23:52

Bihoa aurretik ez dudala El hijo del acordeonista irakurri. Baina ezin dut ukatu liburu horri Ignacio Echevarría delakoak (El País, 04-09-04) eginiko kritika gogorrak eztabaida interesgarri baterako parada eskaintzen zuela.

Iñaki Urdanibiak (Gara, 04-09-14) liburuaren defentsa amorratua egiteaz gain, kritikaria bera goitik behera desprestigiatu eta iraindu du. Bere ustez, egiazko etsaien aurka (ETA, nazionalistak…) ez delako behar adina bustitzen jaso du hain kritika zorrotza idazle asteasuarrak. Funtsean iruditzen zait Urdanibiak ontzat ematen duela Atxaga euskal literaturaren “untzi-ikurra” dela, eta beraz, hura kritikatzen duenak euskaldun guztiok kritikatzen gaituenez, kontrakritikatu beharra dago. Toti Martinez de Lezeak, bere aldetik, (El Correo, 04-09-22) oro har kritikariaren lanaren mugak aztertu ditu, eta ondorio batekin amaitu du: balio duen kritika bakarra irakurleena da. Argudio pobrea hau, ezen irakurleak duen irizpide nagusia zenbakiarena baita, erosle kopuruarena, alegia. Eta horren arabera, Corín Tellado Joyce edo Beckett baino idazle garrantzitsuagoa izango litzateke. Joxemari Iturralde ere (Gara, 04-10-2) Madrilgo kritikariaren kontra azaldu eta, Urdanibiak bezala, uste du “…arrazoi ez literarioak izan dutela pisu bakarra bota duen panfleto irentsi ezin horretan”.

Nire buruari galdetzen diot kritikatua beste idazle bat izanez gero neurri horretako erantzunik suertatuko ote zen. Halaber, kritika Espainiako egunkari garrantzitsuenean agertu ordez, hemengo xumeago batean argitaratu izan balitz hainbeste hauts harrotuko zuen? Seguru nago ezetz. Segurtasun horretatik abiatuta eta erantzun dutenek kritikaren atzean motibo ez literarioak susmatu dituztela ikusita, zilegi bekit niri ere Atxagak izan duen promozio mediatiko eta instituzional oparoan ez ote den arrazoi extra literariorik egon galdetzea. Bat hartzekotan: Euskal Herriko idazlerik entzutetsuena ezker abertzalearekin kritikoa izatea, alegia. Eta neurriz kanpoko promozio horrek ez ote duen Felipe Juaristik (Berria, 04-09-29) deitoratu duen egoera hau sortu: “Hori da euskal literaturaren arazoa; beti izan behar dugu jauntxo txiki bat. Askotan badirudi beste idazlerik ez dagoela. (…) [nire liburua] argitaratu nuen momentu berean Atxagak bere liburu berria atera zuen eta nirearen berri ez da hainbeste entzun”.

Edozelan ere, ez dakit Madrilgo kritikariaren argudio literarioek norainoko egiatasuna duten, edo daudekeen bestelako motiboen eragina zenbatekoa den, baina uste dut garaia heldua dela idazle batzuk desakralizatzen eta despolitizatzen (zentzu partidistan) hasi, proiekzio mediatikoa eta sinbolo gisa duten pisua alde batera utzi, eta euren balio literarioak aurreiritzirik gabe aztertzeari ekiteko. Ea hurrengoan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun