Lapurtutako autoarekin istripua izan ostean, bi gazte atxilotu dituzte Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 12a, 20:06

Gorlizen ziklomotorra lapurtzen saiatzea leporatuta, bi adin txikiko atzeman dituzte Plentzian

Ertzaintzak 15 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo Erandion, ustez, ordu batzuk lehenago lapurtutako autoan zihoazela istripua izan ostean. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, arratsaldeko seiak aldera gertatu zen ezbeharra, adin txikikoak, erandioztarrak biak, zihoazen Opel Kadett kotxea mendoitz baten kontra jo zuenean aipatu herriko Akarlanda parkean. Auto-istriputik zauririk gabe irten ondoren, presaka joan nahi ziren bertatik gazteak eta, kotxea martxan jartzeko sistema manipulatuta zegoela ikusita, atxiki egin zituzten gertatutakoa ikustera hurbildu ziren hainbat lagunek, beti ere, Ertzaintzaren iturriak aipatutakoaren arabera.

Lekukoak ohartarazita, Ertzaintzaren patruila-autoa joan zen bertara, lapurtutako kotxea izan zitekeelakoan. Polizia agenteek egiaztatu zutenez, ordu batzuk lehenago ostu zuten automobila Erandion aparkatuta zegoela. Hori dela eta, adin txikiko biak atxilotu zituzten.

Ziklomotor-lapurreta saiakera Gorlizen

Akarlandan bi gazte erandioztarrek auto-istripua izan zuten ordu berean, nebaren ziklomotorra manipulatzen harrapatu zituen beste adin txikiko bi emakume batek Gorlizen. Eramaten lortu ez zuten arren, Ertzaintzari deitu zion emakumezkoak, aipatu ibilgailuko direkzioa bortxatuta eta blokeoa apurtuta zegoela ikusi ostean.

Poliza agenteek Plentziako portuan atzeman zituzten 15 eta 16 urteko gazte bilbotarrak. Ziklomotorraren jabearen arrebak ustezko egileak ezagutu ondoren, ibilgailua manipulatzen ibili zirela onartu zuten adin txikikoek, Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun