Euskararen erabilera sustatuko dute jolas-orduetan Leioako ikastetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 12a, 21:22

PPk eta PSE-EEk proposamena kritikatu dute

Jolas-orduetan euskararen erabilera sustatzeko asmoz, begiraleak jarriko dituzte Leioako ikastetxe publikoetako jolastokietan. Azkeneko udal batzordean hartutako neurria zentroetako arduradunek eurek eskatu duten arren, ez dute begi onez ikusi PPk eta PSE-EEk. Besteak beste, eskola-umeen une pribatuetan "eskua sartzen" ari dira popularren ustez, "olgetarako erabiltzen duten denboran alegia". Euren hitzetan, "ikasleek denbora hori erabiltzen duten moduan ez lirateke sartu behar instituzioek". Sozialistek, berriz, horrelako proposamenek ikasgeletatik kanpo "euskararen erabilera kontrolatzeko zelataria" jartzea suposatzen dutela adierazi dute, B eta D ereduetan gero eta neska-mutil gehiago matrikulatzea "eragindako eskaeratzat" jotzearekin batera.

Ikasgeletatik kanpo hizkuntza gutxi erabiltzen dutela ikusita, astialdian umeekin jolasteko eta horrela euskararen erabilera bultzatzeko begiraleak hartzea eskatu zioten Leioako Udaleko Euskara Zerbitzuari ikastetxe publikoetako arduradunek. EAJk eta EAk osatzen duten udal gobernua proposamena onartu eta 19.656 euro eman ditu hurrengo hiru hilabeteetarako.

Ezker Batuak ere ontzat hartu zuen proposamena. "Euskarari egunerokotasun kutsua emateaz gain, heldu gehiago egongo dira jolastokietan, Hondarribian hain amaiera tamalgarria izan duen bezalako jokabideak saihestuz".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun