Udal Egoitzako presidentea dimititu dezala eskatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urr. 14a, 23:14

Kudeaketa "kaskarraz" gain, lapurretak egon direla jakinarazi du Arruek. Zarraoak, berriz, "segurtasun arazoak" daudenik ukatu eta "pribatuak diren gaiak aireratzea" leporatu die popularrei

Jesusen Bihotza Udal Egoitzan egiten ari diren kudeaketa "kaskartzat" jo eta Jose Ramon Bilbao zentroko arduradunari (EAJ-EAko zinegotzia) dimititzeko eskatu zion atzo Marisa Arrue PPko bozeramaleak. Eskaera azaltzeko, zaharren egoitzan, orain dela gutxi, egindako berriztatze lanak jarri zituen adibidetzat: "700 milioi pezeta erabili arren, lardaskeria izan dira", adierazi zuen zinegotzi popularrak. "Obrek eragindako kalteak" konpontzeko gai ez izatea egotzi zion Bilbaori Arruek, "bere soldata hamar milioi peseta baino gehiagokoa izan arren". Horretaz gain, honako hauek aipatu ditu Getxoko PPko bozeramaleak zentroren gestioa "txarra" dela agerian uzteko: "gauean segurtasunik ez dago, lapurretan egok dira. Gainera, gauetan zein jai egunetan medikurik ez dago eta sukaldean hornikuntzarik gabezia arazoak ere eman dira", salatu du. Iñaki Zarraoa alkateak, aldiz, "pribatuak diren gaiak aireratzea" leporatu zien popularrei, lapurretak egon direla jakitera emategatik. Udal agintariak gaineratutakoaren arabera, arazoa konponduta dago, eta hortaz, ez dute zaharren egoitzan zaintza zerbitzuak areagotuko, zinpeko zaintzaileak kontratatuz, Arruek eskatu bezala.

Are gehiago, lapurreta batzuk egon direla onartu zuen Zarraoak, baina "zentroan segurtasun" arazoak daudenik ukatu zuen. Izan ere, "zerbitzu horretatik kanpoko hainbat pertsona" atxilotuak izan direla aitortu zuen alkateak. Bere hitzetan, "edozein etxebizitzan egon daitekeen bezalakoa da zaharren egoitzako segurtasun eza. Hala ere, zinpeko zaintzaileak hartzearen aurka gaude, beharrezkoa ez den ezinegona sortuko lukeelako zentrotik kanpora". Halaber, mediku zerbitzuak "nahikoak" direla adierazi zuen Zarraoak, "egoilarren kexarik ez" dela egon argudiatuz eta "oposizioa opisizioa egiteagatik besterik ez" egitea leporatu zion PPri.

"Neurrigabeko soldata"

Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaleak gogoratu zuenez, aurtengo agintealdian erabaki zen zaharren egoitzarako presidentea izendatzea, Jose Ramon Bilbao EAJ-EAko zinegotziari egokitu zitzaion "kargu politikoa" alegia. "Inoiz gertatu ez bezala, orduan hasi zitzaion ordaintzen zentroko arduradunari (hamar milioi pezeta). Hala ere, aurka azaldu ginen, egoilarrek ordaindu beharreko tasetan eragina izango zuela uste genuelako, eta horrela izan da", azaldu zuen popularren zinegotziak.

Arruek emandako datuen arabera, azken bi urtetan, %163 egin dute gora egoilar baliodunentzako tarifak eta %25 gainontzekoentzat. "Gehien bat, arazoak konpontzeko ezertxo ere egiten ez duen pertsona horren soldata dela eta", bere hitzetan. Besteak beste, 700 milioi pezetako kostua eduki duten zaharberritze lanak jarri zituen adibidetzat: "langileen euren salaketen arabera, komunak ez dabiltza ondo, ura pasilloetaraino ateratzen da, oheak ez dira atezuloetatik irteten..." aipatu zuen.

22 ohe hutsik

Horretaz gain, otsailetik 22 ohe daude hutsik egoitzako lehen soilarian, Arruek adierazi duenez, "horiek betetzeko eskaera badagoen arren". Egoera langile faltari egotzi dio popularren zinegotziak, horretarako zortzi edo bederatzi erizain kontratatu beharko bailirakete. Honen datuei kasu eginez, berriztatze lanak direla eta, hiru urtetan ez du egoilar berririk hartu zentroak. Horrela, 150 lagun izatetik bertan 112 edo 113 egotera igaro da.

Obrek eragindako "kalteak" kopondu eta "dirua eramatea baino egin ez duen" arduradunaren dimisioa bideratzeko, lan taldea osatzea eskatuko dio Jesusen Bihotza Udal Egoitzako Zuzendaritza Batzordeari Getxoko PPk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun